BORJA GUILLEN

"Gurekin giroa sortzera animatzen den oro ongi etorria izango da Txabola Egunean"

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 7a, 12:00

Duela sei urte sortu zuten Txabolakoak Kuadrilla. / Aiaraldea.eus

Txabolakoak Kuadrillako kidea da BORJA GUILLEN. Txabola Eguna prestatu dute larunbaterako, Amurrion jai-giroa abuztuko festetatik harago hedatzeko asmoz.

Nondik dator Txabola Eguna antolatzearen ideia?

Gure jaiekiko ikuspuntuan, herria girotzeko nahi horretan, pentsatu genuen egokia izango zela urtean zehar ekintza gehiago egitea. Ez dugu jai-giroa abuztuko jaietara mugatu nahi bakarrik. Hortik sortu zen zerbait antolatzearen ideia.

Hasiera batean gaueko eskaintza prestatuko genuen soilik baina, azkenean, egun soko egitaraua prestatu dugu: bazkari bat egingo dugu, haurrentzako jolas-parke bat muntatuko dugu, poteo pare bat egingo ditugu herritik, karaokea, zezen-mekanikoa…

Ziur gauza asko geratuko zaizkigula hobetzeke, baina joango gara gure akatsetatik ikasten urtez urte jai hobe bat antolatzeko. Giltzarraporen festarekin ere antzeko zerbait gertatu izan zaigu: pixkat desastre izan zen hasieran, baina hobetuz joan gara ere.

Honakoa da Txabolakoak kuadrillak herriko jai egunetatik kanpo antolatzen duen lehenengo ekintza?

Bai, duela sei urte sortu genuen kuadrilla, eta orain arte abuztuko jaietara mugatu dugu gure jarduna. Jai Herrikoien Aldeko Batzordean parte hartu dugu, baina Txabolakoak bezala hau da gure lehenengo ekintza.

“Amurrioko jai-giroa suspertzeko” helburuarekin sortu zenuten kuadrilla duela sei urte. Nolakoa izan da egindako ibilbidea?

Nik uste berritzaileak izan garela. Gure helburua beti izan da zarata egitea, eta horrela aldarrikatu dugu beti jaietako aurkezpen hitzartzeetan; izan baflearekin, bonboarekin edota ekintzetan parte hartuz.

Karrozen desfilearekin eta hauen prestaketarekin argi ikusi daiteke hori. Guk karrozen prestaketa festaren parte bihurtu dugu. Ez dut orokortu nahi, baina lehen kuadrilla bakoitzetik hamar lagun elkartzen ziren. Orain garagardo eta musika artean muntatzen ditugu karrozak, gure festa bertara ere eraman dugu.

Zer espero duzue Txabola Egunetik?

Amurrioko kuadrilla eta pertsona guztientzako festa bat izatea nahiko genuke. Gurekin giroa sortzera animatzen den oro ongi etorria izango da. Auskalo datorren urtean berriro antolatzen dugun. Guk ez dugu jai-egun huts bat bezala ikusten, baizik eta urtean zehar ere Amurrio pizteko ekintza bat bezala.

Eta Amurrioko Jaiei begira zer aurreikuspen dituzue?

Zarataren premisa horretatik abiatuta, herriko kaleak girotzen jarraituko dugu. Geroz eta kide gehiago gara, beti dago norbait zerbait prestatzeko prest.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide