Ohiko egitaraua izango du Ahuntz Egunak Garrastatxun

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 8a, 08:05

Garrastatxun egingo dira ekintza guztiak. / Aiaraldea.eus

Garrastatxuko Askatasun Mendi Martxa batuko zaio igandeko egitarauari.

Nabari da uda iristear dela, eta ez soilik eguraldian. Asteburuko agenda ere da horren adierazle. Geroz eta ospakizun gehiago pilatzen ari dira, urteroko egutegiari jarraiki. Iragan igandean Txakolin Eguna egin zen Amurrion, eta honetan tradizioz beteriko beste jai bat egingo da alboko herrian, Baranbion: Ahuntz Eguna. 

Ohiko ereduari jarraiki, Garrastatxuko Baselizaren inguruetan egingo da ospakizuna igande goizean eta, jaiaren izenak argi uzten duen bezala, adardun animaliak izango dira protagonistak egitarauko ia ekintza guztietan.

Hau izango da igandeko plana: 

8:15 // Ahuntzen XV. Lehiaketa
8:15 // Ahuntz azienden feria (arraza guztiak)
12:30 // Ahuntz  eme txapelketa
13:00 // Aker txapelketa
13:30 // Bolilla
13:30 // Akerren pisatzea
14:00 // Ahuntzen XV. Lehiaketaren sari-banaketa
14:45 // Herri bazkaria
17:00 // Erromeria

Dena den, jaia ostiralean hasiko da. Solasaldia eskainiko dute 20:00etan santutegiaren barruan, eta afaria egongo da gero, bertaratutako guztientzat, txokoan. 

Askatasun Martxa

Aipatutako programazioari, beste ekintza bat batuko zaio igandean: Garrastatxuko Askatasun Mendi Martxa. Urtero antolatzen dute ibilaldi hori euskal preso politikoen eskubideen alde, eta antzeko eskema izaten du beti.

Bi ibilbide egongo dira. Luzea 7:30ean abiatuko da Garrastatxutik eta 22,9 kilometro egingo dituzte inguruko mendietan barrena. Laburra ordu erdi beranduago aterako da, eta 8,5 kilometroko luzera izango du.

Inskripzioak 10 euro balioko du aurretik eta 12 euro, aldiz, egunean bertan eginda. Hemen eman daiteke izena martxa luzean eta hemen, aldiz, laburrean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide