Ehunka kamiseta berde abiatuko dira datorren ekainaren 25ean Amurrioko Juan Urrutia Plazatik, 10:00etan hasiko den Minbiziaren Aurkako Martxaren IV. edizioan. Aurreraka elkarteak antolatu du aurten ere ekimena, Arabako minbiziaren Aurkako Elkartearen eta Amurriko Udalaren laguntzarekin. Gaur egin dute martxaren aurkezpena Amurrioko Udaleko udalbatza aretoan.
Laguntza jasotzea, garrantzitsuena
Martxa laua eta erraza izango dela nabarmendu dute Aurreraka elkarteko kideek. Aurreko edizioetako ibilbide berdina jarraituko du aurtengo edizioak: Juan Urrutia Plazatik abiatu eta, Nerbioiko Parke Linealaren hasiera jarraituz, El Refor kirolgunera joko dute, Juan Urrutia plazara itzultzeko gero. El Reforren hornidura-puntua jarriko dute antolatzaileek, fruta eta edariarekin.
"Martxa laua eta erraza" dela azaldu dute gaur goizeko prentsaurrekoan, eta honen "izaera ludikoa" azpimarratu dute. "Minbiziaren kontrako ikerketari bultzada ematea da da garrantzitsuena" aldarrikatu dute antolatzaileek.
Horretarako, izen-ematea abiatu dute honezkero. Inskripzioak 10 euroko kostua izango du, eta Internet bidez egin daiteke, ekainaren 23ra arte amaurreraka@gmail.com helbidera mezu elektronikoa igorriz.
Aurrez aurre izena emateko aukera ere zabalduko dute. Ekainaren 16an eta 23an San Anton plazako azokan jarriko dute postua. Ekainaren 16an eta 21ean, gainera, Aurreraka Elkartearen bulegoko ateak zabalduko dituzte, 11:00etatik 13:00etara.
Arreta psikologiko eta soziala
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko kideek ere hartu dute parte martxaren aurkezpenean, eta ikerketaren "berebiziko garrantzian" jarri dute fokua. Hori dela eta, deia luzatu diete herritar guztiei ahal den neurrian minbiziaren aurkako ikerketa laguntzeko. Erronka bat ere jarri dio elkarteak bere buruari: 2030ean minbiziaren biziraupenaren %70 gainditzea.
Elkarteak Amurrion eskaintzen dituen zerbitzuak ere aurkeztu dituzte. Arreta psikologikoa eta soziala eskaintzeko zerbitzua jarri zuen abian elkarte arabarrak Amurrion duela bi urte, paziente zein senideentzat. Arreta psikosoziala jaso nahi duen herritar orok 945263297 telefonoan edo alava@contraelcancer.es helbide elektronikoan jar daiteke elkartearekin harremanetan, Miren Bilbao presidenteak azaldu duenez.