Olerkiaren munduan zein aitorpen lortu dituzue?
Berez, poesian hasi nintzen instituTUan sartzean. Heldu zitzaidan literatura lehiaketa zegoela eta izena eman nuen. Gogoko izan nuen eta hasi nintzen idazten. Orain, jendeak kontatzen dizkidan istorioak idazten ditut. Emozioak adierazteko balio dit.
Nolakoa da istorio horiek idazteko prozedura?
Kontatzen dizkidate istorioak eta saiatzen naiz esandakoa jasotzen eta, bereziki, euren sentimenduak. Gero bidaltzen diot idatzitakoa bere istorioa kontatu didan lagunari, ea zer iruditzen zaion jakiteko.
Hori da lehiaketetara eramaten duzuna?
Batzuk egiten ditut niretzat, beste batzuk Zaraobe Institutuko Literatura Lehiaketan aurkezten ditut.
“Orain jendeak kontatzen dizkidan istorioak idazten ditut”
Zein esperientzia izan duzu lehiaketa horretan?
Iaz lehen saria irabazi nuen eta aurten bigarren saria, baina ondo egon da. Ez dut asmorik bestelako lehiaketetan parte hartzeko, baina aitak beti esaten dit egin behar dudala, oso ondo baitaude nire olerkiak.
Irakurketa edo idazketa talderen batean parte hartzen duzu?
Ez, nire kabuz egiten dut dena. Nire erreferenteak nire lagunak dira, eurek kontatzen baitizkidate euren bizipenak.
Zenbat istorio idatzi dituzu?
21 istorio. Lehiaketetan hiru baino ez ditut aurkeztu. DBHko lehen mailan aurkeztu nuen lehena eta ez nuen irabazi, baina nahiko ondo zegoen eta gogoko izan nuen. DBHko bigarren mailan amodioari buruzko olerkia idatzi nuen eta aurten, aldiz, desamodioren inguruan.
Zer da gehien gogoko duzuna idazten duzunean?
Nire sentimenduetan murgildu naitekeela. Inork ez dit eragozpenik sortzen eta nire kaxara nago.
Zer egiten duzu idazten duzunarekin?
Instagram kontua daukat (_poemitas_foryou), nahi dudanean bertsoren bat argitaratzen dut. Jarraitzaile gutxi ditut.
Ba al dakizu zer ikasi nahi duzun? Harremana dauka literaturarekin?
Sei urte ditudanetik argi izan dut medikuntza ikasi nahi nuela, zehazki, erizaina izan nahi dut. Edonola ere, aitak beti esaten dit zerbait egin ahal dudala, ondo egiten baitut. Ez dut guztiz baztertzen lehiaketa gehiagotan parte hartzea etorkizunean.
Denbora asko bideratzen duzu literaturara?
Berez, irakurtzea ez dut oso gogoko. Nik maite dudana idaztea da. Gauez inspiratzen naiz eta idazten dut. Ilunpean sakelakoa hartu eta idazten dut. Jolastokian batzuetan ere inspirazioa heltzen zait eta idazten dut. Ordubete egon ninteke konturatu gabe. Hegan doa denbora.
Zer esaten dizute zure lagunek istorioak irakurtzen dituztenean?
Oso gogoko dituzte, batzuek negar ere egin dute. Nire irakasle bati idatzi nion olerkia ezkondu behar zelako eta negar egin zuen klasean bertan. Egia esanda, ilusioa eragin zidan horrek. Nik gehien gogoko dudana da jendea hunkitzea. Nik idazten dudanean uste dut gustuko izango duela jendeak, baina berresten dudanean, poztasuna ematen dit eta gehiago idazteko gogoak ematen dizkit.
Pentsatu al duzu nori idatziko diozun hurrengo olerkia?
Nire lagunek eta ezagunek kontatzen dizkidate euren esperientziak edo sekretuak eta nik idazten ditut. Ikusten dut ondo geratzen ari den edo ez eta bidaltzen diet. Denbora nahiko bideratzen dut. Inoiz ez dakizu noiz dagoen bukatuta eta azken ukitua eman behar zaio.
Noiz dakizu olerkia amaitu dela?
Bertso ugari idazten ditut eta gero dator nik 'puntu eta bukatuta' deritzodana. Amaiera da. Edonola ere, batzuetan inspirazioa etortzen zait gero eta jarraitzen dut idazten. Bukaera non dagoen esatea zaila da.
Amurrioko norbaitekin partekatzen duzu zaletasunaren inguruko iritzia?
Lehiaketan aurkezten den jendeak modu anonimoan egiten du, hortaz, ezin duzu jakin nor den. Dena den, ni poz-pozik noa lagunengana nire olerkiarekin eta pozik badaude horrekin, dagoen moduan uzten dut. Ez badu gogoko, aldatzen dut.
Institutuan hasi baino lehen ez zenuen literatura idazten?
Ez, gogoko nuen olerkiak irakurtzea Internet bidez, baina ez nuen idazten. Poesiari buruzko artikuluak irakurtzen nituen. Egia esanda, ez daukat egile gogokorik. Esaldiak hartzen nituen eta handik ateratzen nuen inspirazioa.