EAJk eta PSE-EEk jakinarazi dute elkarrekin kudeatuko dutela Amurrioko Udala. Egungo krisialdiaren egoera anitzak (Ukrainako gerra, pandemiak utzitako osasun egoera, arazo energetikoak...) oinarri hartu dituzte jeltzaleek eta sozialistek erabakia hartzeko eta gogoratu dute azken urteetan elkarlanean aritu direla bi alderdiak udalerrian.
Hori guztia aintzat hartuta, nabarmendu dute tokiko erakundearen egonkortasuna bermatu nahi dutela zenbait proiektuk aurrera egin dezaten. Momentuz, ez dute akordio programatikoa zehaztu eta hurrengo asteetan landuko dute.
Gehiengoa osatuko duen udal gobernu taldearen erronkak izango dira amurrioarren bizi kalitatea hobetzea, udal zerbitzu publikoak defendatzea eta desberdintasunei aurre egitea.
Bi alderdien baturarekin, hamar zinegotzi izango dituzte eta gehiengo absolutua euren esku egongo da. Jeltzaleek zinegotzi kopurua mantenduta eta sozialistek beste bat irabazita, EH Bildu izango da oposizioko talde bakarra.