Kultur sorkuntza Aiaraldean

'Una vida no tan simple' filma estreinatuko dute ostiralean, Einar Palacios Elejalde amurrioar gaztearen lehen lana

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 20a, 08:00

Einar Palacios Doña Casilda parkean izandako errodajean. / Palacios Elejalde familia

Ekainaren 23an estreinatuko dute Una vida no tan simple pelikula. Einar Palacios Elejalde amurrioarraren debuta izango da zineman, hain zuzen, bost urte betetzen dituen egunean.

Ekainaren 23an helduko da pantaila handira Una vida no tan simple filma eta igandean eta astelehenean ikusgai egongo da Amurrio Antzokian, 19:00etan. Horren arrazoia da Einar Palacios Elejalde amurrioarrak debuta egin duela Miki Esparbe antzezleak egin duen pertsonaiaren semearen papera eginez.

Einarrek hiru urte zituen filma grabatu zuenean eta bost beteko ditu estreinaldiaren egunean. Bere gurasoek ume alai eta irekitzat jotzen dute eta horregatik Bilbon pelikula bat grabatuko zutela ikusi zutenean, proposatu zioten bideo bat grabatu eta bidaltzea.

Einarrek baiezkoa eman zuen eta 16 segundoko klipa bidali zuten. Handik gutxira, hamabost minutuko proba egiteko deitu zuten eta gainditu egin zuen. Bi aste geroago Felix Viscarret zuzendariarekin egin zuen ordubeteko beste proba bat eta bi astera adierazi zieten hautatua izan zela, betiere azken oztopoa gailentzen bazuen.

Zehazki, bere arreba nagusiaren papera egin behar zuen aktorearekin (Izel Prieto) elkartu zuten eta berehala moldatu ziren. 

Grabaketa

Behin iragazki guztiak igarota, 2021eko azaroaren eta abenduaren bitartean ekin zion Einarrek filma grabatzeari. Bere eginkizuna izan zen protagonisten (Miki Esparbe eta Olaia Calderaren antzezleek egin zituzten rolak) semearen papera egitea eta hain gaztea izanik, ez zuen esaldirik buruz ikasteko beharrik izan. "Horregatik batzutan iruzkinak egiten zituen edo galderak egiten zituen grabaketaren erdian. Eten behar zuten, baina barre egiten zuten", gogoratu du Aitziber Elejaldek, bere amak.

Dena den, amak berak argitu du ez zuela askotan hitza hartu grabaketan eta pasarte batzuetan lotan agertzen dela.

Errodaje zaila COVID-19aren ondorioz

Halaber, senideek gogoratu dute grabaketa ez zela erraza izan, COVID-19 birusaren kontrako oso protokolo zorrotza baitzegoen. Hori dela eta, eskolara joateari utzi zion, arriskuak murrizteko eta grabaketa osoa ez geldiarazteko.

Naiara Carmona filmaren aholkulariak joko bat izango balitz bezala aurkeztu zien grabaketa umeei, baina, hala ere, Einarri maiz aspergarria iruditzen zitzaion lana, bereziki, errepikatu behar zutenean. Edonola ere, bere gurasoek azpimarratu dute oso ondo zainduta egon zela beti eta esperientzia polita izan zela.

Aste honetan izango dute aukera emaitzak ikusteko eta irrikitan daude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide