Josune Irabien Marigorta hautatu du Eusko Jaurlaritzak Emakundeko idazkari nagusia izan dadin. Amurrioarra Toki Administrazioarekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria izan da 2020tik eta orain EAEko berdintasun institutuaren gidaritza hartuko du.
Irabien ia hamar urtez izan zen Amurrioko alkate Eusko Jaurlaritzan ardurak hartu baino lehen eta Jaurlaritzak plazaratutako oharrean azpimarratu du EUDELeko Batzorde Betearazleko kidea izan zela, Basqueskolan parte hartu duela -EUDELek eta Emakundek bultzatutako emakume hautetsien ahalduntzerako eskola-, eta Basqueskolari lotuta jarraitzen duela Bidelagun tokiko hautetsiei laguntzeko programaren bidez.
Amurrioarrak Zuriñe Elordiren tokia hartuko du. Elordi iazko urrian izendatu zuten postu horretarako, Izaskun Landaida kendu ondoren.