Larunbat honetan, ekainaren 24an, egingo dute X. Amurrio Trail Lasterketa. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko dira bi lasterketak udaletxetik.
Ibilbide luzea hautatzen dutenek 31 kilometro egin beharko dituzte mendian, 1.750 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbide laburra edo herritarra aukeratzen dutenek, ordea, 15 kilometro osatu beharko dituzte eta 600 metroko desnibelari aurre egin.
Bi lasterketak puntuagarriak dira Euskal Herriko eta Arabako kopen sailkapenerako, baina ez maila guztietan. 15 kilometroko proba kadete eta gazteentzako baino ez da izango puntuagarria, gainerako kategorietako korrikalariek lasterketa luzea osatu beharko dute Euskal Herriko zein Arabako kopetan puntuak eskuratu nahi badituzte.
Izen-ematea
Gaur 23:59ean amaituko da bi lasterketetan izena emateko epea. Korrikalariek Buscametas.com helbidean bete beharko dute inskripzioa.
31 kilometroko lasterketan parte hartu nahi dutenek 28 euro ordaindu beharko dituzte eta laburrean izena ematen dutenek 23. Horrez gain, federatuta ez dauden korrikalariek beste 2 euro ordaindu beharko dituzte.
Nolanahi ere, parte hartzen duten Amurrioko adinez txikikoei eta emakumeei dirua itzuliko diete.
Korrikalari guztiek dortsalak Juan Urrutia Plazan jasoko dituzte larunbatean bertan, 14:00etatik 15:30era. Korrikalari bakoitzak bere dortsala jaso beharko du NANa, aurkeztuta, zenbakiak besterenezinak baitira.
Ibilbidea
Antolatzaileek Wikiloc aplikazioan kargatu dituzte bi ibilbideak eta denbora mugak. Lasterketa luzeari dagokionez, 20,5. kilometroa 3 ordu eta 45 minutu baino gutxiagoan gurutzatu beharko dute korrikalariek, eta helmugara iristeko 5 ordu eta 30 minutu izango dituzte. Ibilbide laburra osatzeko mugarik ez dute ezarri.
Anoa-postuak non jarriko dituzten ere aurreratu dute: lasterketa luzean 5 gune egongo dira (5,4; 11; 20; 26; eta 31 kilometroetan) eta herrikoian hiru (5,4; 9,5; eta 15 kilometroetan). Fruta, fruitu lehorrak eta edariak banatuko dituzte postuotan.
Sariak
Larunbat arratsaldean bertan banatuko dituzte sariak, 20:30ean. Podiumeko postuez gain, lasterketa bakoitzeko lehenengo amurrioarrak (herrian erroldatutakoa) saria jasoko du.
Ibilbide luzea osatzen duen parte-hartzaile nagusienari eta laburreko gazteenari ere sari bana emango diote.
Gainera, korrikalari guztiek Amurrioko tokiko produktuez osatutako saskia jasoko dute eta lasterketa amaieran guztientzako barbakoa egongo da.
AMURRIO TRAIL LASTERKETA 2023 from José Miguel Llano on Vimeo.