Zaintzen Foroa antolatu du Amurrioko Emakumeon* Sareak larunbat honetan, ekainaren 24an. 11:00etatik 13:00etarako tartean zaintza sektoreko “langileen kalteberatasun-egoerak ikusarazteko, salatzeko eta konponbideak erreibindikazio moduan planteatzeko gune seguru bat” sortzea izango da helburua.
Izan ere, sareak salatu du zaintza-lanak ez daudela sozialki baloratuta, emakumeek “doan edo gaizki ordainduta” egin ohi dituztelako, “maitasuna, sakrifizioa edo familia-erantzukizunaren sentimendua aipatuz”.
Taldearen hitzetan, “horregatik da lan prekarioa eta ikusezina”, eta egoera hori larriagotzen omen da emakume migratuen kasuan.
Jardunaldiokin Amurrioko sareak arazoa mahai gainean jarri nahi du. Gaiaren inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko espazio seguru bat sortzea da asmoa eta, horrela, “zaintzaren sektore publiko eta komunitario bat” defendatu, “erantzunkidetasuna sustatzen duten benetako politikak izango dituena”.
“Zaintzekin lotutako edozein lanbideri edo bizi garen egungo egoeraren eraginpean dagoen edozein zaintzaileri” dei egin diote forora gerturatu dadin, izan etxeko langile, egoitzakoa, osasun arlokoa, dibertsitate funtzionalarekin lotutakoa, aisialdiko begiraleak, haurtzaindegietakoak...
Hitzordua larunbatean jarri dute, 11:00etatik 13:00etara, Elexondo-Amurrio pasealekuan (Guk pasealekuan). Harremanetan jartzeko bideak ere zabaldu dituzte: amurriokoemakumeonsarea@gmail.com helbidera idatzita edo 605715240 telefono zenbakiaren bidez kontaktatu daiteke sareko kideekin.