Su Ta Gar, Kai Nakai, Gozategi edota Gwaya izango dira Amurrioko Jaietako soinu banda

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 26a, 18:02

Kai Nakai artista gasteiztarra arituko da Juan Urrutia plazako oholtzan, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Amurrioko Udalak publiko egin du aurtengo Amurrioko Jaietako musika eskaintza. Euskal musika talde ezagunek, banda lokalek eta nazioarteko taldeek osatuko dute iluntze musikalen kartela.

Bi hilabete baino gutxiago falta dira Amurrioko Jaiei hasiera emateko eta, behin betiko egitarauaren faltan, gaueko musika eskaintza osatuko duten taldeen berri eman du Amurrioko Udalak. Euskal musika talde ezagunek, banda lokalek zein nazioarteko taldeek osatuko dute "gustu guztientzako" eskaintza.

Abuztuaren 12an, larunbata, Iguarrakoaren jaitsierarekin batera, musikak hartuko ditu Amurrioko kaleak, eta kontzertuek Juan Urrutia Plaza izango dute epizentro. Eskaintza 22:00etan hasiko da Cuatro Bancos talde lokalaren eskutik. Su Ta Gar banda mitikoak hartuko die lekukoa gazte amurrioarrei. Eibartarrek 30 urte baino gehiago eman dituzte oholtzak astintzen, eta duela gutxi plazaratu dute azken lana: Alarma. Disko Sound taldearen Remember 2023 ikuskizunak izango du, ordea, larunbat gaua luzatzearen ardura.

Igandean Orquesta Jamaica Show taldeak girotuko du iluntzea 22:30etatik aurrera. Astelehenean, berriz, Gwaya eta Gozategi taldeek alaituko dute Juan Urrutia Plaza 22:00etatik aurrera. Astelehen gaua ixteko, DJ Blessive bilbotarra egongo da oholtzan musika urbanoa eta komertziala nahasten, goizaldeko 02:00ak arte.

Asteartean Kai Nakaik dantzan jarriko du Amurrio. Euskara ardatz, musika urbanoa eta reggaetoia lantzen ditu artista gasteiztarrak. Ostean, Oxabi erromeria igoko da oholtza gainera, 23:00etatik aurrera.

Abuztuaren 16an, asteazkena, nazioarteko musikaren txanda izango da, Rumbo Tijuana taldeari esker. Corrido mexikarrak eta 1980 eta 1990 hamarkadetako pop-rock espainiarra nahasten du zazpi musikariz osaturiko bandak. 23:00etan Akerbeltz erromeriak emango dio segida talde mexikarrari. Akerbeltzek 15 urte baino gehiago daramatza plazaz plaza, eta ikuskizun indartsua taularatuko dute Amurrion. Azkenik DJ Markelinek musika pintxatuko du, goizaldeko 02:00ak arte.

Abuztuaren 17an, 21:00etan, Patxi Perezen dantza plaza ezagunak emango dio amaiera Amurrioko sanrokeetako musika eskaintzari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide