Aymane Jelbat: Amurrion eskarmentua hartu zuen jokalaria, Bilbao Athleticeko fitxaje berria

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 28a, 13:04
Aymane Jelbat eta Anton Artetxe. / Amurrio Club

Aymane Jelbatek denboraldi eta erdi eman zuen Amurrio Clubean, non oroitzapen oso onak utzi zituen. Orain, hedabideek ziurtatu dute Athletic Clubeko jokalari bihurtuko dela.

Hedabideek zabaldu dute Athletic Clubak Aymane Jelbat jokalaria bereganatu duela bere filiala indartzeko. Ekainaren 30era arte itxaron behar bada ere, hainbat komunikabidek errealitatetzat jo dute mugimendua. Jelbat Barakaldo CF-ean aritu da azken denboraldian baina, hori baino lehen, Amurrion militatu zuen eta 3. mailara igotzea lortu zuen.

Amurriora heldu baino lehen, CD Vitorian jokatu zuen zenbait urtez, Gazteen Ohorezko eta Regional Preferente kategorietan. Ondo egin eta gero, amurrioarrek proposatu zioten klubera batzea eta, hala, Basarten igaro zuen 2020/2021 denboraldi osoa, 3. mailara igotzea lortuta.

"Amurrion zegoenean Villareal, Alaves edota Athletic atzean zituela aipatzen zuten", azaldu du Anton Artetxek, Jelbateren taldekide izandakoak

Edonola ere, bere lorpen bakarra ez zen hori izan. Anton Artetxe bere taldekidea izan zen eta argi eta garbi azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari garai horretan defentsa zentralak begirada guztiak erakartzen zituela: "Zerbait berezia zuen. Ondo aurreikusten zituen jokaldiak, izugarrizko hanka ezkertiarra zuen, ondo ateratzen zuen baloia, ondo kokatzen zen... Guztiok nabaritzen genuen beste maila batean zegoela. Gurekin zegoelarik aipatzen zuten Villareal, Athletic edota Alaves bere atzetik zeudela".

Azkenean, Alavesek eraman zuen. Oraindik 3. mailan jokatzen ari zen amurrioarrekin eta garai horretan hitzartuta zuen San Ignacio klubera bidali zuten denboraldi erdian. Gero, Barakaldora egin zuen jauzi Aymane Jelbatek eta bere hurrengo abentura Lezaman egongo dela dirudi.

Gabezirik ez

Anton Artetxek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari teknikoki bikaina zela Jelbate Amurrion zegoenean eta agian, bere hutsune bakarra alde fisikoa zela: "Oso argala zen, baina Aymanek oso argi zuen futbol jokalari profesionala izan nahi zuela eta hori konpondu du. Egunero gimnasiora jotzen du bere taldearekin entrenatzera joan baino lehen eta oso kirolari indartsua bilakatu da".

"Teknikoki oso ona zen, baina orain fisikoa landu du eta jokalari oso indartsua bilakatu da", argitu du Artetxek

Oso ondo moldatu zen Amurrion

Artetxek oroitu du Aymane oso ondo integratu zela Amurrioko aldagelako giroan eta, berez, Alavesera eraman zutenean, harreman bero horiek sumatzen zituela faltan.

Athleticeko filosofia gora eta behera

Aymane Jelbaten fitxajeak, edonola ere, hainbat iruzkin sortu ditu Interneten, ustezko athleticzaleen aldetik zein errealeko jarraitzaileen partetik, argudiatuta jokalariak ez dituela betetzen Lezamako irizpideak; hau da, Euskal Herrian jaio izana edo hemen trebatu izana.

Horiei guztiei erantzun die Cristina Gomez futbolzale eta kirol argazkilari amurrioarrak. Berak mahai gainean jarri du Jelbatek lau euskal klubetan jokatu duela nerabe zenetik eta azpimarratu du zein den, bere ustez, arazo nagus: azalaren kolorea.

Aymane Jelbaten fitxajeak hainbat iruzkin eragin ditu Interneten, futbolzale batzuen arabera, ez dituelako Lezamako irizpideak betetzen. Cristina Gomez kirol-argazkilari amurrioarrak uste du hori arrazismoa justifikatzeko modua dela

Gomezen aburuz, oinarrizko futbolean (hau da, umeen eta gazteen artean) arrazismoak ez du aparteko garrantziarik, baina kategorietan gora egin ahala, gero eta modu iraingarriagoan agertzen da.

Horrez gain, amurrioarrak azpimarratu du emakumezkoen futbolean arrazismoak ez duela inolako eraginik: "Emakumeen futbolean mari-mutikoen gaia dago, baina gizonezkoen artean  arazo larria da arrazismoa".

Aiaraldea Komunikabideak adibide bat iradoki dio Gomezi; Fernando Llorenterena, zeina ez zen euskalduna, baizik eta errioxarra, eta Cristinak argi eta garbi adierazi du zuria zenez, ez zuela inolako eztabaidarik eragin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide