"Jaiak herritik eta herriarentzat" antolatzeko urteroko premisa berdinari eutsirik, aurtengo Amurrioko Jaietarako egitaraua aurkeztu du Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak. Udalerriko herri mugimenduko eragile desberdinak batzen ditu batzordeak: Jai Kuadrillak, Ernai, Mendiko Lagunak taldea, Otsemeak neska* gazte taldea, Amurrio Harro, Amurrioko Gazte Asanblada eta Ikama ikasle antolakundea.
Abuztuaren 11tik abuztuaren 17ra luzatuko da egitarau herrikoia, eta orotariko ekintzak bilduko dituzte honen baitan: kontzertuak, herri bazkariak, kalejirak, lehiaketak...
Jai Herrikoien aldeko eguna
Iguarrakoa Juan Urrutia plazara jaitsi baino egun bat lehenago abiatuko da Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen egitaraua; abuztuaren 11n, larunbatean. Egun horretan ohiko paella txapelketa egingo dute parkean, eta bazkalordua bingo musikatuarekin girotuko dute. Arratsaldean, haurrentzako jolasekin eta Otxote Ugartek gidatutako pintxopotearekin gozatu ahalko dute herritarrek.
21:00etan jai herrikoien aldeko txupinazoa jaurtiko dute, eta jaietako kontzertuen maratoiari emango diote hasiera jarraian. Lehenengo gau horretan Gheiser, Akuerdo Sindikal eta DJ Desi eta Presi igaroko dira gazte karpako oholtza gainetik.
Egitarau anitza
Orotariko ekintzak prestatu dituzte Amurrioko jaietaz gozatzeko. Horien artean nabarmentzekoak dira abuztuaren 13an parekan egingo duten grafiti erakusketa herrikoia edota abuztuaren 15erako prestatu duten slack-line erakusketa. Abuztuaren 15eko iluntzean ere, honezkero jai herrikoien "klasiko" bilakatu den 'Babiora igoera oxigenorik gabe' lehiaketaren edizio berri bat ospatuko dute, Mendiko Lagunak taldearen eskutik.
Kontzertuetarako tartea ere izango da parkeko txosnagunean: Beranduegi eta Jo Ta Ke erromeriak, eta Txapelpunk edota Perlata taldeak igoko dira oholtzara. Musika jartzaileak ere ez dira faltako Amurrioko hitzorduan: DJ 2Mino, Dj True Tox eta DJ Aaron XTYX izango dira jai-giroa goizaldera arte luzatzearen arduradunak.
Kontzertu bereziena, ordea, Belgorri taldeak eskainiko duena izango da. Abuztuaren 13an izango da hori, arratsaldeko 19:00etan. Ez da ohiko kontzertua izango, ordea, gazte amurrioarrez osaturiko taldeak kontzertu ibiltaria eskainiko du herriko kaleetan barrena.