Ostiraletik igandera ospatuko dira Delikako jaiak. Ohiko eskema jarraituko du egitarauak, baina berrikuntzak ere izango ditu. Eusko Label txalaren dastatzea da nobedade nagusia, jai batzordeko kideen esanetan. “Beste herri askotan egiten den ekintza da, eta ondo iruditu zaigu herri bazkariaren ordez jartzea”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Gauzak hala, larunbatean haragi-erre pintxoekin egingo dute otordu herrikoia.
Bazkalostean, aldiz, herri kirolak eta bigantxak egongo dira, eta gaua luzatzeko aukera egongo da gero, Zutik eta DJ Varrorekin. Berandura arte luzatuko da parranda, txokolatada egingo baita biharamunean, goizeko zazpietan.
Beste herrietako bizilagunek ere izango dute gaueko giroaz gozatzeko aukera, autobusa izango baitute Delikara gerturatzeko. Irteerak 23:00etatik aurrera izango dira Amurrioko Telefonicatik, eta bueltako bidaiak 6:30etatik aurrera izango dira. Hala ere, ekainaren 19an amaitu zen bertan izena emateko epea. Orain animatzen denak, beraz, beste garraio sistema bat bilatu beharko du.
Inguruko herrietako jendea bertaratzeko eta bueltan autoa ez hartzeko antolatu zuten autobusa jai batzordeko kideek. “Ekintza asko antolatzen ditugu herrko jendearentzat, baina inguruko herrietako jendeari ere daude zuzenduta”, nabarmendu dute. Horri lotuta, Delikakoak “festa bereziak” direla aldarrikatu dute antolatzaileek, “herri txikia izan arren, adin guztientzako ekintzak” egiten dituztelako.
Hau izango da egitaraua, egunez egun:
Ekainak 30, ostirala
21:00 // Txupinazoa
21:30 // Etxeko tortilla patata txapelketa
22:30 // Gauargi taldearen kontzertua
23:00 // Txahala erretzen hastea
Uztailak 1, larunbata
14:00 // Eusko Label txahala dastatzeko aukera trikiti eta panderoaren konpainiarekin (Prezioa: 2 euro)
17:00 // Herri kirolak
20:00 // Bigantxak (16 urtetik gorakoentzat)
23:00 // Berbena Zutik taldearekin eta DJ Varrorekin
7:00 // Txokolatada
Uztailak 2, igandea
11:30 // Meza
12:30 // Pintxo potea (bildutako dirua AEFAT elkarteari emango zaio)
16:30 // Ume txikientzako jolasak
17:00 // Mus txapelketaren hasiera
18:30 // Briska txapelketa
19:00 // Nueva Presión maritaxi taldearen emanaldia
20:00 // Parrillada
Bizilagunen laguntzarekin eraikitako jaiak
Delikan bizi diren edo herriarekin harremana duten hainbat gaztek osatzen dute jai batzordea. “Herriko jendea batzea” dute helburu, eta zeregin horretan ez daude bakarrik. “Egia esanda, herriko jende askok laguntzen gaitu”, aitortu diote Aiaraldea Komunikabideari, “esate baterako, gauzak gordetzen, erosketak egiten, bigatxentzako gunea edota eszenatokia jartzeko lekua uzten…”.