Delikako jaien lekukoa hartuko dute asteburu honetan Tertangako bizilagunek. Uztailaren 7tik 11ra bitarte herriko jaiak ospatuko dituzte, eta egitarau oparoa antolatu dute, aurreko urteetako eskema berdina jarraituz.
Ostiralean jaurtiko dute festetako lehenengo txupinazoa, eta, horrekin batera, hasiera emango diote jaietako gau luzeenari. Gauargi erromeriak girotuko du iluntzea frontoiko eszenatokitik, baina jai-giroa goizaldera arte luzatzearen ardura Txapis & cia. musika-jartzaileek izango dute.
Biharamunean -uztailak 8-, herri bazkarian elkartuko dira Tertangako bizilagunak, eta Iñaki Otegi aiararrak bazkalosteko dantzaldia gidatuko du.
Uztailaren 10 eta 11n Kristobal Deuna ospatuko dute tertangarrek. Astelehenean kanpai errepikekin eta suziri jaurtiketekin abiatuko dute eguna. 12:00etan mesa egingo dute herriko patroiaren omenez. 13:00etan herriko plazan elkartuko dira trikitrixa doinu artean eta 13:30etan tarta baten zozketa egingo dute. 15:30etan trikitrixa kalejirak Tertangako etxe guztiak bisitatuko ditu.
Uztailaren 11n agurtuko dituzte 2023ko festak. 12:00etan meza eta luntxa egingo dute. Egitaraua ixteko herriko bizilagunen bolo jokaldia egingo dute Tertangako bolatokian, arratsaldeko 18:00etan.