Dantza Lagunak Amurrioko jai kuadrillak urtero antolatzen du belaunaldi guztientzako bazkaria herriko jaietako lehen egunean. Aurtengoa ez da salbuespena izango eta dagoeneko argitara eman dituzte bazkalondoko egitaraua eta izena emateko bideak.
Abuztuaren 12an jarri dute hitzordua, 15:00etan, txupinazoa baino ordu batzuk lehenago. Festazaleak San Anton plazan elkartuko dira, ez soilik sabela ondo betetzeko, baita jai giroa pizten hasteko ere. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, menuak kopa izango du eta bazkalondoan jolasak eta dantza prestatu dituzte.
Izena eman nahi dutenek 19 euro ordaindu beharko dituzte abuztuaren 4a baino lehen 3035 0089 18 0890049147 kontu korrontean (Laboral Kutxa), euren izen-abizenak adierazita. Alergiarik edota intolerantziarik izanez gero, posta elektroniko bidez abisua emateko eskatu dute, helbide honetara: dantza_lagunak@hotmail.com.