Gaztetan txirrindulari gisa egin zuen ibilbide oparoagatik da ezaguna Izaskun Bengoa. Amurrioarrak sei aldiz irabazi zuen Espainiako Txapelketa, Munduko Txapelketetan aritu zen eta baita Atlantako Olinpiar Jokoetan ere (1996). Baliabide faltagatik utzi zuen, gazte-gaztea zela, baina sekula ez zituen txirrindularitza eta kirola albo batera utzi.
Azkenaldian ibilketa nordikoan ari da eta kirol horretan ere emaitza bikainak pilatu ditu. Berriki, Varsovian (Polonia) egon da Europako Txapelketan lehiatzen. 10 kilometroko ibilbidea osatu zuen eta bigarren helmugaratu zen 40 urtetik gorakoen kategorian. Sailkapen orokorrean podiumera igotzetik oso gertu geratu zen, txapelketako laugarren azkarrena izan baitzen amurrioarra.
Horrez gain, 4x5 kilometroko errelebo mistoetan ere hartu zuen parte Marathon Crevillent taldeko beste hiru kiderekin batera. Taldeak txapelketako bosgarren markarik onena egin zuen.