Ibilgailu elektriko bat diseinatu, eraiki eta gidatzeko aukera izango dute 11 eta 16 urte bitarteko Amurrioko gazteek. Amurrio Bidean garapen agentziak eskolaz kanpoko jarduera berria aurkeztu du, irailean abiatuko den 2023-2024 ikasturterako, STEAM arloetan oinarritutako proiektu bat ardatz: auto-elektrikoa muntatu eta Green Power zirkuituaren barruan gidatzea.
Jardueran parte hartuko duten gazteek astean bi egunez elkartuko dira Zaraobe Institutuko tailerretan; "bertan auto elektrikoa muntatzen, optimizatzen eta nahi den abiadura lortzeko estrategiak garatzen lan egingo dute".
Greenpower zirkuitua
Eskolaz kanpoko jardueran eraikiko duten auto-elektrikoarekin Greenpower zirkuituan parte hartuko dute gazte amurrioarrek, eta ikasturtean zehar hainbat lasterketetan lehiatuko dira. Eskolaz kanpoko jarduerak, gainera, lasterketetarako babesletzak bilatzeko edota taldearen komunikazioa lantzeko aukera eskainiko die gazteei.
"Esperientzia dibertigarria izateaz gain, jarduera honek etorkizunerako garrantzitsuak diren arloetan (elektrizitatea, mekanika, aerodinamika, finantzak eta komunikazioa) trebetasun praktikoak garatzeko aukera ematen die gazteei", azaldu dute garapen agentziatik. "Profesional-taldeak ikaskuntza eraginkorra bermatzeko behar den orientazioa emango du".
Izen ematea zabalik
Honezkero zabalik dago irailean hasiko den eskolaz kanpoko jardueran izena emateko aukera. Amurrio Bideanetik adierazi dutenez gutxienez 6 gaztek hartu beharko dute parte jarduera aurrera atera ahal izateko, eta gehienez 12 gazterentzako tokia egongo da. Emakumezkoek lehentasuna izango dute izen-ematean, "jarduera maskulinizatu hauetan parte har dezaten sustatzeko", azpimarratu dutenez.
Jarduera Amurrion erroldatutako edota Amurrion ikasten duen gazte ororentzat dago zuzendua. Izen ematea Amurrio Bidean garapen agentziarekin telefonoz edo whatsappez (945891721) harremanetan jarriz egin daiteke. Internet bidez izena emateko aukera ere badago, formacion@amurriobidean.org helbidera mezua bidaliz edo inprimaki honetan datuak utziz.