Poteo-musikatua, belaunaldi arteko bazkaria eta DJ 2mino izango dira eguerdiko protagonistak.
Abuztuaren 12an goizeko 11:00etan hasiko dira Euskotarrak kuadrillako kideak jai-giroa pizten. Ordu horretan poteo-musikatua abiatuko dute Frontoi tabernatik, 13:00etan kuadrillen aurkezpenerako prest egoteko. 14:00etan poteo-musikatuari berrekingo diote, eta 14:45ean jarri dute bazkaltzeko hitzordua, Mendiko eskolan.
Kuadrillako belaunaldi guztiei dei egin diete elkarrekin bazkaltzeko. Menuaren baitan haragi-paella, solomoa patatekin, azkenburukoa eta kopa dastatu eta gozatu ahal izango dituzte mahaikideek.
Txupinazo ostean, zurrakapotea, elektrotxaranga eta txoripan erraldoia nagusituko dira.
Bazkalostean txosna irekiko dute eta DJ 2mino arduratuko da festa-giroa mantentzeko musika jartzeaz. 19:00etan txupinazora joango dira denak eta jarraian zurrakapotea banatuko dute, elektrotxaranga batek lagunduta.
Gainera, aurten azpimarratzekoa da txoripan erraldoiaren tradizioa berreskuratuko dutela eta afaltzeko txorizodun edo hirugihar eta gaztadun ogi opilak banatuko dituztela, 21:30etik aurrera.
Izen-ematea
Bi motako inskripzioa egin daiteke: banakakoa edo taldekoa. Denek uztailaren 31 baino lehen eman beharko dute izena eta bazkaria eta afaria barne hartzen duen prezioa ordaindu. 16 urtetik beherakoek 17 euro ordaindu beharko dituzte eta adin hori gainditzen dutenek 22. Transferentzia egiteko kontu korronte bat eta bizum bidez ordaintzeko telefono zenbaki bat jarri dituzte eskuragarri. Beste aukera bat gurdien aparkalekura gerturatzea eta kuadrillako norbaitekin hitz egitea da.
Antolatzaileek helbide elektronikoa (euskotarrakoadrila@gmail.com) eta Whatsapp bidez idazteko kontaktua (671804349) zabaldu dituzte edozein zalantza galdetzeko, intolerantziak eta alergiak adierazteko edo menu begetarianoak eskatzeko.
Izen-emate indibidualetan ordainketa egitean mahaikide bakoitzaren izen-abizenak eta afariko ogi-opilean zein barrubete nahi duten adierazi beharko dute laburtzapen bidez: 'TX' txorizoa nahi dutenek eta 'HG' hirugiharra eta gazta aukeratzen dutenek.
Taldeek mezu elektronikoa bidali beharko dute euskotarrakoadrila@gmail.com helbidera izen-ematea osatzeko. Gaian ordaintzailearen izen-abizenak adierazi beharko dituzte eta mezuan mahaikide bakoitzeko hurrengo informazioa adierazi: izena eta abizena; adina: 16 urtetik beherakoa edo gorakoa; afari aukera: txorizo edo hirugiharra eta gazta; alergiak, intolerantziak, menu bereziak...