Amurrioko San Jose auzoko Zabaleko ikastetxearen atarian komunikabideekin elkartu dira Guillermo Presa Espainiako Kongresurako zerrendaburua eta Leticia Jimenez senaturako hautagaia. Hezkuntza publikoa Sumar koalizioaren "lehentasuna" dela azpimarratu dute bertan, eta euren proiektu politikoa "desberdintasunei aurre egiteko eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeko tresna" dela adierazi dute.
Segregazioarekin amaitu nahi du Sumarrek, eta horretarako hezkuntza itunen araudia berrikusiko dutela azaldu du Presak, itunpeko eskola publikoaren "subsidiarioa" izan dadin. Ikastetxe guztietan hezkuntza etapa guztien doakotasuna bermatu nahi du Sumarrek. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak haur hezkuntzako plazak sortzeko Europako Funtsetatik eratorritako 12 milioi eurori uko egin izana kritikatu du Presak.
Eskola-jantokiak eta lanbide-heziketa
Eskola-jantoki ekologikoen doakotasunaren alde ere egin du Sumarrek, eta hauen kudeaketa zuzenaren aldeko apustua egin du. "Jantokiak elikadura osasungarri eta jasangarri baten aldeko tresna izan behar dira", azaldu du Leticia Jimenezek.
Era berean lanbide-hezkieta eskolen sare publikoa indartzeko konpromisoa ere hartu du Jimenezek. Eskaintza pribatua publikoa baino handiagoa da, eta egoera hori "irauli" behar dela azaldu du Jimenezek.
Azkenik, gazteen osasun-menatala izan du hizpide Sumarrek. Plan bat garatuko dute horri heltzeko eta orientaziora eta psikologiara bideratutako profesional kopurua handitu nahi dute, "pertsona gazteengan eta hezkuntza zentroengan dauden arazo guzti hauei aurre egiteko".