Amurrioko kanpaina ekitaldia bertan behera utzi eta Glavistaren aldeko mobilizazioan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 20a, 11:40

Agerraldia egin du EH Bilduk Amurrioko GUK eskulturaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Kanpaina ekitaldia ospatu behar zuen gaur arratsaldean EH Bilduk Amurrion baina bertan behera utzi du. Horren ordez arratsaldean Laudion Glavistako eta Guardianeko langileek deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du Iñaki Ruiz de Pinedo kongresurako hautagaiak; "beti egon gara, eta egongo gara, langile klasearen alde", aldarrikatu du.

Ekitaldi politikoa zuen deituta EH Bilduk gaur arratsaldean Amurrion, Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpainaren barruan. Ordu berdinean, ordea, SOS Aiaraldea plataformak Guardian eta Glavistako enpresa batzordeekin batera mobilizazioa deitu du Laudion eta, horrenbestez, ekitaldia bertan behera utzi eta manifestazioan parte hartzeko deia egin du koalizio subiranistak.

Horrela azaldu du Iñaki Ruiz de Pinedo kongresurako Arabako zerrendaburuak, GUK eskulturaren aurrean egindako agerraldian. "Aiaraldea berriz borrokan dago lanpostuen defentsan eta EH Bildu osatzen dugun komunitatetik, bat egiten dugu aldarrikapenekin", azaldu du hautagai arabarrak.

Oso presente izan dute Glavistaren egoera EH Bilduko kideek, 240 lanpostu kolokan baitaude enpresaren bideragarritasuna bermatuko lukeen erosketa prozesua katramilatuta geratu ostean. Egoerak konponbidea duela azpimarratu du Ruiz de Pinedok, eta hau bideratzea eskatu du. "EH Bildutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langileei eta euren familiei. Aiaraldea oso zigortua izan da azken urteetako krisi ekonomikoetan, eta bakarrik borrokak eta elkartasunak lortu dute eskualdea aurrera ateratzea", aldarrikatu du kongresurako hautagaiak.

"Beti egon gara, eta egongo gara, langile klasearen alde"

Aiaraldearen berraktibazioa

"Kalitatezko enplegua sortuko duten jarduera ekonomiko berriak inplantatuko dituen"  eta Aiaraldearen suspertze ekonomikoa bermatuko duen prozesua martxan jartzeko urgentzia azpimarratu du Iñaki Ruiz de Pinedok. Balioan jarri du EH Bilduk bultzatu zuela Aiaraldearen aktibazio ekonomikorako ponentzia Eusko Jaurlaritzan, zeinak berehalako jarduera plan bat abian jartzea ahalbidetu duen. Oraindik ere, ordea, eskualdearen etorkizun sozio-ekonomikoa gidatuko duen plan estrategikoa garatzea falta dela azaldu du Ruiz de Pinedok.

Plan horren jarraipena gertutik jarraitzeko konpromisoa azaldu du koalizio subiranistak: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu eskualdea suspertu eta kalitatezko lan-baldintza duinak bermatzeko", adierazi du Ruiz de Pinedok. "Beti egon gara, eta egongo gara, langile klasearen alde", aldarrikatu du kongresurako hautagaiak, eta Madrilen ere berdina egin dutela azpimarratu du; "lan-ikuskaritzak enplegua erregulatzeko espedienteen gaineko kontrola berreskuratzea lortu dugu, justifikaziorik gabeko kaleratzeak oztopatzeko". Halaber, "egiteko gauza asko" daudela aitortu du Iñaki Ruiz de Pinedok, eta lan erreformatik kanpo geratu ziren neurri garrantzitsuenak berreskuratzeko konpromisoa azpimarratu du: lan-hitzarmenen estatalizazioarekin amaitzea, asteko 32 orduko lan-jarduna aplikatzea edota soldata arrakalarekin bukatzea, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide