Urteurren borobila ospatuko du Aiara Dantza Taldeak datorren urtean. Izan ere, 40 urte beteko dira taldea modu formalean osatu zenetik. 1983an, Amurrioko bi dantza talderen desagerpenak utzitako hutsunearen testuinguruan antolatzen hasi zen Aiara Dantza Taldea; Amurrioko jaietan hain zuzen ere. Geroztik, ehunka herritar igaro dira dantza taldetik, eta gaur egun adin oso desberdinetako ia 200 dantzarik osatzen dute.
40. urtemugari heldu aurretik, kamiseta eta izerditako bilduma plazaratu du Aiara Dantza Taldeak, "oroigarri gisara". Dantza taldearen webgunean daude ikusgai, eta bertan bete daiteke eskaria egiteko inprimakia. Aurreratu dutenez, urrirako izango dituzte prest kamisetak eta izerditakoak.
Halaber, 40. urteurrenerako beste hamaika kontu ere ari dira buru-belarri prestatzen Aiara Dantza Taldeko kideak. Datorren urterako programazio berezia prestatu dute dantzaldia, hitzaldia, erakusketa, tailer, eta abarrekin.
Aurresku, fandango eta arin-arin txapelketa
Bien bitartean, bere ohiko jardunean murgilduta dago Amurrioko dantza taldea. Eskualdeko herri desberdinetako dantzaldiak prestatzeaz gain, Amurrioko jaietako Aurresku, fandango eta arin-arin txapelketa dute esku artean. Urtero bezala, abuztuaren 16an San Roke baselizan egingo dute txapelketa, eta aurten ere maila altuko parte hartzaileak espero dituzte.
Txapelketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago, abuztuaren 5era arte. Gogoratu dute dantzari aiaraldearrek lehentasuna izango dutela izena ematean, eta, gainera, tokiko dantzari onenak sari berezia jasoko duela.