Amurrioko Udalak euskara teknikari lanpostua ezabatu duela salatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Atzoko Udal Osoko Bilkuran hartu zen erabakia, beste hainbat lanpostu publikoren moldaketak barne hartzen zituen puntuan. EAJk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde. EH Bildu, aldiz, aurka lerratu zen.
Oposizioko taldeak osoko bilkuran bertan salatu zuen onartutakoa “euskararen aurkako erasoa” dela. “Ahaztu egiten zaie euskara ere hizkuntza ofiziala eta gutxitua dela eta, beraz, hizkuntza-normalkuntzako teknikariaren plaza funtsezkoa dela Amurrion”, adierazi zuen Jon Berganzak udalbatza amaitu bezain laster komunikabideei bidalitako oharrean.
Horrez gain, erabakia “arbitrarioa” izan dela ere uste du EH Bilduko zinegotziak, ez dagoelako plazen amortizazioa justifikatzen duen irizpide argirik. Euskara teknikariaren lanpostuaz gain, beste bi lanposturen amortizazioa ere onartu zuten atzo, Arte Eskolakoak. Berganzaren uztez, horrelako jokabideek ateak irekitzen ditu “azpikontrataziorako eta, beraz, pribatizaziorako”.
EH Bilduko zinegotziak osoko bilkuran azaldu zuen egun Amurrioko Udalean langile baten lanaldi osoaren bi heren baino ez direla bideratzen euskara sailera. “Laudion, 17.000 biztanle izanda, hiru lanaldi oso daude sail horretan eta, Urduñan, 4.000 biztanlerekin, lanaldi osoa”, gaineratu zuen oposizioko bozeramaileak, eta gogor kritikatu zuen Udalaren jokabidea: “Argi dago zeintzuk diren zuen lehentasunak, eta lehentasun horien artean zeinetan dagoen euskara”.
Hemen ikusi daiteke puntuaren eztabaida osoa, 7. minututik aurrera:
EAJren erantzuna
EAJk, bere aldetik, atzoko udalbatzarrean erantzun zien EH Bilduk eginiko kritikei. Txerra Molinuevo alkateak adierazi zuen ez dutela abian zegoen lanposturik kendu. “Inoiz bete gabeko plaza hutsa da amortizatzen dena”, azaldu zuen gobernuburuak, eta gaineratu zuen berez baduela euskara teknikaria duela 20 urtetik, eta bera dela euskara batzordea aurrera eramaten duena, "eta horretan jarraituko duela".
Horrez gain, Molinuevok goraipatu zuen lanpostu berri bat sortu dutela gizarte ongizate sailean, bertako lan kargak hala eskatzen zuelako.
Gaur arratsaldean oharra plazaratu du EAJk bere jarrera sakonago azaltzeko. Bertan, jeltzaleek erabat gezurtatu dute euskara teknikari lanpostua kendu izana, eta berretsi egin dute euskara sustatzeko eta babesteko gobernu taldeak duen "konpromiso irmoa eta apustu sendoa".
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak kexa bana erregistratu ditu dagoeneko Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideek Behatokian eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren adierazpena
Gaiari buruzko oharra plazaratu du gaur Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, eta xehetasun gehiago eman ditu Udaleko egoeraren inguruan: “Egun, Amurrion, propio euskara teknikaririk ez da Udalean; arlo soziokulturaleko teknikari batek, bere lanorduen erdia (%60 estimatzen da) darabil euskara arlorako. Eusko Jaurlaritzak, Amurrio bezalako 10.000 biztanletik gorako herri baterako, Amurriok duen euskalduntze mailarekin, 4 langileko euskara saila izatea aholkatzen du”.
Gauzak hala, Kontseiluak uste du ez direla nahikoak tokiko erakundeak euskara sailera bideratzen dituen giza baliabideak eta adierazi du Udalaren Euskara Planak ez direla “ezta urrundik ere” betetzen: “2021ean, adibidez, Euskara Plan berria idazteko langile bat kontratu behar izan zuten 6 hilabeterako, baina langile horrek ez du jarraipenik izan. Egoera hobetu beharrean, okertu egin da Udalak hartutako erabakiarekin”.
Kontseiluak salatu du Udalak hartutako erabakia “oso larria” dela, eta jakinarazi du kexa bana erregistratu dituela dagoeneko Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan. Premiazko bilera ere eskatu diote Udalari, eta Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin ere jarri dira harremanetan gai hau lantzeko. Era berean, "hainbat ekimen" garatuko dituzte gertatutakoa salatzeko eta "dagokien unean" iragarriko dituztela iragarri dute.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek nabarmendu dute Udalak “aldebakarrez” hartu duela lanpostua ezabatzeko erabakia, “ez epaile batek behartuta”. Gauzak hala, gertatutakoak aurrekaririk ez duela uste dute, eta “bide arriskutsu bat” irekitzen duela.