IÑAKI BEA

“Kuadrillak dira Amurrioko jaien ikurra”

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 8a, 07:00

Iñaki Beak irakurriko du aurtengo jaietako pregoia. / I.B.

IÑAKI BEA (Amurrio, 1978) futbolari profesionalak jaso du Urrezko Guk Saria eta Amurrioko Jaietako pregoilaria izango da. Ilusio handia eragin badio ere, uste du Amurrion elkarte askok ere merezi dutela aitortza.

Nola jaso zenuen txupinero izateko ardura eta Urrezko Guk Saria?

Ezustekoa izan zen. Gogoratzen dut ‘Los Pajaritos’ Numanciako futbol zelaian nengoela eta alkateak deitu zidala jakinarazteko.

Pozik, ez nuen espero. Inoiz ez nuen pentsatu aitortza horretan eta ilusioa sortu zidan.

Nolakoa izan zen Urrezko Gukaren gala?

Oso ona. Saria jaso nuenean azpimarratu nuen Urrezko Guka jaso duen jende guztiak merezi izan duela bere lan boluntarioagatik. 

Egia da nik beti esaten dudala Amurriokoa naizela eta harrotasunez aipatzen dudala. Niretzat Amurrio bikaina da eta kuadrillakoak oso amurrioarrak izan gara beti. 

Hala ere, nik Amurrioko izena zabaldu dut nire lanagatik, eta Amurrion elkarte pilo bat dago dirurik edo dirua galduta lan egiten dutenak. Uste dut jende pilo dagoela nik baino meritu handiagoa duena. Izan ere, eurekin alderatuta, nik ez dut ezer egin amurrioarren alde.

Urrezko Guk Saria jaso dutenen zerrenda ikusiz gero, elkarlanean oinarritutako elkarte ugari dago, jendea laguntzeko.

Zer moduz pregoia?

Badakit zer esango dudan. Saiatuko naiz ahalik eta inklusiboena izaten eta politikoki zuzena. Ez da erraza idaztea, baina jadanik egin dut.

Hala ere, zenbait mezu argi daude; guztiok gozatu behar ditugula jaiak, espero dugula eraso matxistarik ez egotea eta kuadrillekin bizitzea jaia. Izan ere, ni Euskotarrakekoa naiz eta kuadrillen giroan oso ondo pasatzen dut.
Niri jaiek ematen didate aukera urte osoan ikusten ez dudan jendearekin topo egiteko eta oso polita da; bigantxa eta zekorketik gabe eta tabernekin irekita.

Kirolari batentzat nolakoa da jaiei buruz idaztea?

Egia da futbol jokalari profesionala izan naizenez, oso gutxi bizi izan ditudala Amurrioko Jaiak. 2003an Murtziara joan nintzen jokatzera eta 2012ra arte ez nintzen itzuli. Garai horretan, Promosport enpresan ari nintzen lanean eta bizpahiru egun hartu nituen Amurrioko jaiak bizitzeko. 

Futbol jokalari profesionala zinenean eta aurredenboraldian edota denboraldian zeundela, pentsatzen zenuen Amurrioko Jaietan?

Niri pena gehien ematen zidan kuadrillek antolatutako ekintzak galtzea. Entzuten nienean lagunei garagardoak edan zituztela, edo norbaitek ligatu zuela edo oso ondo pasa zutela, ez zen gogorra, baina ikusten nuenean jendea kuadrillaz jantzita, ez egotea izugarria zen. Hori ezin dugu galdu. Hori da Amurrioko jaien ikurra. 
Amurrioko jaietan pentsatzen dudanean, burura etortzen zaidana da kuadrillen ekintza sorta. 

“Polita izango da kuadrillako jende heldua, gazteak, umeak...ikustea; hamaika istorio aterako dira”

Aaurten nolakoak izango dira zure jaiak?

Amurrio Traileko txosnan txanda egin behar dut. Cristina neskalaguna -Murtziakoa da- lehenengo aldiz etorriko da Amurrioko jaietara eta estreinako aldiz jantziko du Euskotarrak kuadrillako arropa. 

Hasieran nire lagunen kuadrillako bazkaria egin behar genuen, baina Euskotarrakek belaunaldi guztien bazkaria antolatu du eta bertan behera utzi dugu horretan parte hartzeko. Polita da ikustea jende heldua, gazteak, umeak... Hamaika istorio aterako dira.

Urte gorabeheratsua izan da zuretzat Numancian, esanahi berezia izango dute jaiek?

Numanciatik ateratzea oso gogorra izan da, baina drama igaro dut jadanik. Uste dut taldeak eta klubak potentziala dutela, baina ez dago ondo antolatuta. Ez nuen espero denboraldia ez bukatzea, baina atzean utzi dut. 
Estonian egon naiz hamabost egunez euren selekzioarekin, entrenatzaileak deitu ninduen eta. Bera suitzarra da eta proposatu zidanean laguntzea ez nuen gehiegi pentsatu. Esperientzia berria izan da eta orain itxaron behar dut. 
Ekaina eta uztaila gogorrak izan dira, klubek erabaki behar baitute zein entrenatzaile izan, baina igaro da.

Ingelesa ikasten ari naiz eta atea irekita daukat atzerrira joateko. Beste kultura bat ezagutu nahi dut eta Espainiako Estatuan egoera ezagutzen dut eta ez da erraza. Entrenatzaile pilo dago.  Orain gozatzeko unea da. Irailean ekingo diot berriro partidak ikusteari eta bitartean jarraituko dut jendearekin hitz egiten ea aukeraren bat sortzen den.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide