Abuztuaren 15ean igoko zara Amurrioko oholtzara. Gogotsu zaude?
Egia esan, gogo handiekin gaude. Uda potente bat nahi genuen eta kontzertuz betetako bira bat lortzen ari gara, ilusioa ematen digu horrela ibiltzeak. Ezagutzera emateko eta talde bezala hazteko ezinbestekoa da. Amurriora ekipo guztia joango gara, Kai eta lau dantzariak. Oso kontzertu dantzagarria da eta espero dugu jendea gogoekin etortzea dantza egiteko eta abesteko!
Inolako loturarik duzu Amurriorekin?
Familia daukat Amurrion, nire izeko, osaba eta lehengusua bertakoak dira, eta ilusio berezia egiten dit hara joateak, txikitan asteburu asko pasa izan ditut bertan.
Zer beste kontzertu emango dituzu uda honetan?
Uhh! Badaukagu zerrendatxo polita: Donapaleu, Leitza, Orereta, Amorebieta, Gasteiz, Gernika, Algorta, Bilbo, Elorrio... eta gehiago!
Zer dago Kai Nakairen atzean?
Ekipazo bat gara. Musikan, Noah ekoizlea eta Manuva eta Eli konpositoreak daude. Kontzertuetan Anepe koreografoa eta dantzaria, Leire, Andrea eta Maialen dantzariak, eta Alfredo teknikaria daude. Ikus-entzunezkoetan, Julen bideoetan, Tamara arte zuzendaritzan eta Adriana argazkietan, eta gero laguntzaileak, aktoreak, dantzariak... Eta ni, Lady Gaga bezala, nire manager propioa naiz, hau guztia antolatzen, kontzertuak bilatzen, sareak eramaten... pasada bat da atzetik dagoen guztia, baina proiektu polita daukagula uste dut eta horretan sinesten dut.
Nola igaro zinen Iratxe Agilera izatetik Kai Nakai izatera?
Txikitatik asko gustatu izan zait musika eta beti izan dut kontaktua mundu honekin. 18 urterekin abestien bertsioak igotzen nituen Youtubera, eta denbora pasa eta gero erabaki nuen nire abesti propioak egin nahi nituela. 2019an musika egiten hasi nintzen eta 2020an Kai Nakai proiektua sortu ahal izan nuen Durangoko Azokako Sormen Bekari esker; proiektua hasteko bultzada ikaragarria izan zen. Kasualitatez, pandemia etorri zen gure lehen singlea ateratzearekin batera eta nahiko urte gogorra izan zen. Hala ere, aurrera egin genuen eta, gaur arte, disko bat (Baimenik Gabe, 2020), EP bat (Maitia, 2021) eta single eta bideoklip batzuk atera ditugu, eta aurten bira potente batekin gabiltza, oso pozik!
"Esango nuke Euskal Herriko talde gehienek musika feminista egiten dutela eta ez dutela
etiketa horren beharrik"
Hasieratik zenuen buruan euskarazko reggaetoi feminista egingo zenuela, edo forma hartzen den proiektua da?
Uste dut hasieran bazuela zentzua “reggaetoi feminista” etiketa jartzeak, jendeak aurreiritzi asko zituelako musika honekin, baina gaur esango nuke Euskal Herriko talde gehienek musika feminista egiten dutela eta ez dutela etiketa horren beharrik. Musika ez da matxista, letrak eta musikariak baizik. Gaur egun gustuko dut esatea pop musika, urbanoa eta elektronikoa egiten dudala, denetarikoa, aldakorrak garelako eta gauza berriak probatzea gustuko dugulako.
Izan duzu errezelorik, kritikarik egin dizun jendea...
Beti dago kritikatzen nauen jendea, baina ohitzen ari naiz jada... inbidia oso txarra da eta ez da nik konpondu dezakedan ezer.
Aski ezaguna da 2021ean Chill Mafiarekin izan zenuen beefa. Nola geratu da harremana?
Ondo, denborarekin konturatu naiz badauzkagula amankomunean uste nituen baino gauza gehiago, egia esan.
Eta panorama, nola dago Euskal Herrian?
Uste dut aberatsa dela eta gero eta talde gehiago sortzen ari direla genero ezberdinekin, baina uste dut joera oso indibidualista dela. Adiskidetasuna falta da, artiston artean lotura gehiago izatea.
Disko berri batean ari zara lanean. Nola doa? Zerbait aurreratu dezakezu?
Zortzi abestiko disko batean ari naiz lanean, eta aurreratu dezaket denak kolaborazioak izango direla. Genero aldetik abestiak elektronikoagoak izango dira, eta urte amaieran aterako da, irrikaz gaude! Orain aterako dugu lehenengo singlea bideokliparekin batera, ‘Dónde’.
"Adiskidetasuna falta da, artiston artean lotura gehiago izatea"
Azkenaldian hainbat kantu kaleratu dituzu eta bideoklipetan dantzari gazteak ageri dira.
Azken hilabeteetan ‘Aldapeko sagarra’ abestia atera nuen, eta oso harrera ona izan zuen, egia esan, herriko festetarako tamazo bat da. Bestea ‘Gugan Dago’ izan da, Gure Eskuren 2023ko abestia, eta dantzari gazteak agertzen dira abestiak etorkizunaz eta aldaketaz hitz egiten duelako, eta uste dudalako gazteek gai honetan paper nagusia daukatela. Bideoklipa oso polita geratu zen, egia esan.
Orain “Dónde” abestia ateratzear gaude, albumeko lehenengo singlea, Iris Pencherekin batera. Reggaetoi kantu bat da, baina bideoklipa... bueno, bideoklipa, ‘urteko pelikula’ izango da, izki larriz! Pasada bat grabatu duguna, honen ostean Netflixen hartu behar gaituzte egin dugun paperagatik (barreak).
Amaitzeko, bota gonbidapena Amurrioko eta gertuko jendeari kontzertura bertaratzeko.
Animo jende!! Etorri zaitezte eta emaiozue aukera, ondo pasatuko dugu, dantzatuko dugu eta barre batzuk botako ditugu konpainia onean! Bertan espero zaituztegu!