ERREPORTAJEA

‘La Ruta Integral’: Amurrioko taberna guztiak egun bakarrean bisitatzeko erronka

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 11a, 08:00

2013ko edizioan super-heroiz mozorrotu ziren. / Aiaraldea.eus

Jai-egitarau ofizialetik kanpo egonda ere, aski ezaguna da urtero-urtero abuztuaren 12an Amurrioko kaleak zeharkatzen dituen erronka. ‘La Ruta-k’ herriko taberna guztiak bisitatzen ditu egun bakarrean, musika eta giro-ona periferia zein erdigunetik hedatuz.

Ez da jai programazio ofizialean argitaratuta aterako, baina bada urtero-urtero abuztuaren 12an hutsik egiten ez duen ekimen herrikoi bat. Herritar askok ‘La Integral’ bezala ezagutzen dute. Egitasmoaren sortzaileek  ‘La Ruta integral’ izenarekin bataiatu zuten txupinazo egunean Amurrioko taberna guztietan trago bat hartzearen erronka.

1998an ospatu zuten balentria honen lehenengo edizioa, Xabi, Axier eta Rubenen kuadrillak sustatuta. “Garai hartan modan zegoen, batez ere mendizaleen artean, ez dakit nongo gandorreko integrala egitea tontor guztietatik igarota. Hortik abiatuta, elkarri esaten genion ‘hori bai izango zela integral handia: Amurrioko taberna guztietatik pasatzea bakoitzean pote bat hartuta!’”, azaldu dute.

“Hasieran zurrakapotea egin eta pertz handi batean eramaten genuen, itxita zeuden tabernetan ere tragoa hartzeko”

Lehenengo urteak

‘La Rutaren’ lehen hazia ereinda, erronkari heltzeko prestaketekin hasi ziren. “Antolatzen hasi ginen. Egin genuen tabernen errolda bat, ibilbide bat… Lehenengo urte horietan asko pentsatzen genuen (barreak), bizikletaz egiten genuen ibilbidea ikusteko zein tabernak zeuden zabalik eta zein ez”. Uda sasoiak bazuen, ordea, oztopo bat: taberna askok itxi egiten zuten oporrez gozatzeko. “Uste genuen ibilbideak bere zentzua galtzen zuela taberna guztietan gelditzerik ez bagenuen”, aldarrikatu dute egitasmoaren sortzaileek. Konponbide erraza topatu zioten arazoari: zurrakapotea prestatu eta pertz handi batean eramaten zuten bi makilen laguntzaz.  “Horregatik esaten dugu integrala egiten genuela, taberna guztietan geratzen ginelako, itxita edo zabalik egon”.

Serio hartu zuten erronka:  “Dortsalak egin genituen, mapa bat ere prestatzen genuen, baita tabernen sinaduren kontrol orri bat, ziurtatzeko taberna guztietatik pasatzen ginela...”

Lehenengo urtea “desastre” hutsa izan zela gogoratu dute barre artean hiru lagunek. “Kuadrillako hogei abiatu ginen goizean eta hiruk bukatu genuen Frontoi tabernan”. Bigarren urtean ibilbidearen erdia egin zuten bakarrik, eklipsea zegoen egun hartan eta “La Ruta eclipsada” deitu zioten edizio horri. Animoak ez zitzaizkien akitu, eta gogotsu ekin zioten urtez urte ekimena errepikatzeari, ospatzear den XXIV. ediziora iritsi arte.

Ibilbidea

Abuztuaren 12ko ibilbidea honakoa da: goizean periferiako tabernak bisitatzen dituzte dituzte, bazkaltzeko geratu eta arratsaldean Amurrio erdiguneko lokaletan murgiltzen dira. Guztira, 40-45 taberna eta 10-12 kilometroko ibilbidea. Urteren batean goiza bizikletaz egitera ausartu ziren, eta “Tren txu-txu” bat kontratatzeko aurrekontuak ere eskatu dituzte, “baina garestiegia da hori”.

Musika, mozorroak eta giro ona

Musika da ‘La Rutaren’ beste osagai nagusietako bat. Musika tresnez armaturik, jo eta jo bisitatzen dituzte Amurrioko taberna guztiak; “Tabernek oso ondo hartu dute ekimena hasieratik, baina orain are gehiago parte hartzen dute. Beti ateratzen digute jateko zerbait, eta hori asko eskertzen da. Egundoko giroa sortzen da tabernetan musika eta dantza artean”.

Kolore puntua, aldiz, parte-hartzaileen mozorroek jartzen dute: “badira urte batzuk mozorrotzeari ekin geniola. Gai bat jartzen genuen eta mozorratu egiten ginen. Batzuk urtero janzten dugu mozorro berdina, baina beti asmatzen dugu modua proposatutako tematikan sartzeko. Olinpiar Jokoetaz mozorrotu gara, baita super heroiz ere”.

Ahoz aho zabaldutako ekimenak berrogei lagun elkartzen ditu gaur egun. “Gure kuadrillan hasi zen, baina hasieratik zabaldu genuen nahikotxo. Hogei bat lagun hasi ginen. Badira batu diren kuadrillak, etortzeari utzi diotenak… Gaur egun berrogei lagun batzen gara. Gu gara nagusienak, alde handiarekin”.

Urteak joan urteak etorri, oraindik ere gogotsu daude egitasmoaren sortzaileak, eta bere XXIV. edizioan ere ez diote Amurrioko jai-egitarau alternatiboko ekintzarik sonatuenari hutsik egingo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide