Urtero bezala, Amurrioko mugimendu feministak prest du herriko jaietan eraso sexistei aurre egiteko protokoloa. Aurten Amurrioko Emakumeon* Sarearen bidez kudeatuko dute, 2022ko martxoan aurkeztutako egitasmoa. Bertako kideek Aiaraldea komunikabideari azaldu diotenez, urtez urte Amurrioko Udalari eskatu diote jaietarako erasoen aurkako protokolo bat egin dezan, “haiek baliabide gehiago dituztelako telefono zenbaki bat eta profesionalak jartzeko”, baina inoiz ez dute lortu. Alternatiba beti izan da Mugimendu Feministak egindako protokoloa jartzea martxan eta duela zazpi urtetik hona eurek ipini dute 24 orduz erasoak salatzeko telefonoa.
“Iaz esan genien guk ematen genuen zerbitzu hori hobe zela elkarte batek egitea, adituak eta psikologoak dituena, eta Udalak bermatu behar zuela. Iaz esan ziguten jada ez ziela denborarik ematen eta aurten horrela egitekotan geratu ginen.
Baina, berriro gertatu da berdina: proposatu ziguten iazko gauza bera egitea, eta guk ezetz esan genien. Azkenean, gure jaietako jarduna ez da horretara mugatzen eta kideon artean lan hori egiteko zailtasun handiak ditugu. Exijentzia hori jarri genuen mahai gainean eta azkenean telefono bidezko arreta Emagin elkarteak egingo du Udalak kontratatuta”, azaldu dute.
Horrez gain, 2014tik berritu ez duen protokoloa lantzeko, Udalak Sortzen aholkularitza enpresa azpikontratatu du. Sortzenek egingo duen protokoloa ez da soilik jaietarako, baina aurten gutxienez jaiei begirako zirriborroa aurkeztu dute eta Mugimendu Feministak duen protokoloaren arteko nahasketa bat egin, “behintzat jai hauetan lan egiteko irizpide batzuk ezartzeko”.
Horrela, jai egunetako arreta telefonikoa eta Mugimendu Feministak martxan jarriko lituzkeen prebentzio zein salaketa neurriak uztartuko dituzte. Nolanahi ere, Emakumeon* Sareko kideen esanetan, “partxe bat besterik ez da”.
Erasoen aurrean
Eraso bat salatzen denean Mugimendu Feminista izaten da subjektu salatzailea, biktimen identitatea eta testigantza babesteko. Halakorik jasotzekotan, hurrengo egunean 19:00etan kontzentrazioa edo manifestazioa antolatu ohi dute. Iaz eraso bat baino gehiago jazo ziren eta abuztuaren 17an elkarretaratzea egin zuten Mugimendu Feministako kideek deituta.
Euren protokoloa txosnagunean ere aplikatzen da, eta hor berehalako neurriak zehaztuta daude, kasuaren arabera: izan txosnak ixtea, erasotzailea kanporatzea, hurrengo egunean txosnagunea ez irekitzea...
Horrez gain, jaiak hasi aurretik kuadrillekin eta txosnaguneko beste eragileekin elkartzen dira protokoloa eta eskaintzen diren tresnak azaltzeko eta, horrekin batera, indarkeria matxistaren aurkako jarrera sozializatzeko ekimenen bat ere egin ohi dute, esaterako, jaiak hasi aurreko manifestazioa.
‘Entzun gaitzatela’
Otsemeak Amurrioko Neska* Gazte Talde Feministak erasoak salatzeko zabaldutako tresna da ‘Entzun gaitzatela!’ eta hori ere etenik gabe egongo da zabalik. “Galdetegi anonimoa da eta horrek segurtasuna ematen du testigantza emateko gurekin geratu behar izan gabe”. 2021eko urrian jarri zuen martxa bozgorailua Otsemeakek, eta taldearen sare sozialetan dago galdetegiaren esteka eskuragarri. Urte osoan zehar dago aktibo, eta guztiz anonimoa da.