Irailaren 7an, ostegunean, emango diete hasiera Baranbioko Andra Mari Txiki jaiei. Briska txapelketa egingo dute lehendabizi eta 19:00etan leherraraziko dute jaia pregoiaren irakurketarekin kanpaikadek lagunduta. Jarraian odolostea banatuko dute eta Cuchin Ibañezek mariatxien doinua eramango du Amurrioko herrira.
Ostiral eguerdian meza egingo dute Garrastatxu baselizan eta bazkalaurretik trikitilariek pintxo-potea arinduko dute. 14:00etan jubilatuek bazkaria egingo dute eta 19:00etatik aurrera tortilla lehiaketa abiatuko da. Iluntzean erromeriak hartuko du Garrastatxuko inguruak alaitzeko ardura. Larunbatean, irailaren 9an, txirrindulariek goizean goiz esnatuko dute herria, 9:30ean abiatuko baita Andra Mari Txiki txirrindularitza lasterketa. Bi ordu geroago irekiko dute paella lehiaketan izena emateko auekra. Eguerdian meza egingo dute eta 13:30ean banatuko dituzte txirrindularitza lasterketaren sariak Baranbion. Bazkalostean mus txapelketa eta Antxon magoaren ikuskizuna egongo dira ordu berean eta jarraian bingo musikatuak hartuko die lekukoa. Iluntzean parrillada egingo dute eta 23:00etatik aurrera Beranduegi erromeria arduratuko da Garrastatxu dantzarazteaz.
Irailaren 10ean emango diete amaiera Andra Mari Txiki jaiei, igandean. Mezaren ostean dantza, txistulariak eta pintxo-potea egongo dira herrian zehar eta arratsaldeko 18:30ean agurtuko dituzte jaiak hurrengo urtera arte, auzokide guztientzako txokolate-janarekin.