JOTAKE ERROMERIA

“Erromerietan faltan sumatzen genituen abestiak sartzen saiatu gara gure taldean”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 12a, 19:58

JotaKe erromeriako kideak dira UNAI RUIZ MATAMOROS (Laudio, 2005), OLATZ SARASOLA CALERO (Larrabetzu, 2004), MAIALEN MONASTERIO URIARTE (Lezama, 2004), JON ISUSI IBARROLA (Laudio, 2005), EKAITZ  ASCASIBAR CABREJAS (Zamudio, 2005). Zamudion eta Arrankudiaga-Zollon jo dute dagoeneko, eta gaur gauean Amurrioko Jaiak girotuko dituzte.

Herri eta eskualde ezberdinetako kideek osatzen duzue JotaKe erromeria. Nola batu zineten?

Olatz Sarasola Calero: Ekaitz, Maialen eta nik ekar ezagutu genuen institutuan, hirurak joan garelako Derioko Institutura. Taldea sortzea erabaki genuenean ez geneukan bateriajolerik, eta ezagun eta lagunei galdetzen hasi ginen. Nire klasekide batek eman zidan Oierren telefonoa. Gero Oierrek esan zigun bazuela lagun bat, Unai, gitarra jotzen zuena eta taldean interesa zuena, eta Unai ere batu zen orduan.

Hasieratik zenuten buruan erromeria bat egitea?

O.S.C.: Bai.

Zergatik?

O.S.C.: Erromerietan egon garenean ondo pasatu dugulako, abestiak mundu guztiak ezagutzen ditu eta ez zara taldearen jarraitzailea izan behar abestiak jakiteko. Pentsatu genuen modu horretan parranda ona muntatu ahal zela.

Noiz eta nola hasi zineten?

Ekaitz Ascasibar Cabrejas: Ideia Bilboko Aste Nagusian sortu zen, eta gero aurrera eraman genuen. Uste dut urria-azaroan izan genuela gure lehengo entsegua. Proiektua, berez, 2023an garatu da gehienbat.

Maialen Monasterio Uriarte: Iaz izan genuen lehen kontaktua, eta aurten garatu dugu proiektua.

Nolakoa izan da proiektuaren garapena? Nola erabaki duzue zer eta nola jo?

O.S.C.: Erreparatu diogu gehien entzuten diren erromeriek jotzen dutenari, baina baita ere guri erromerietan entzutea gustatuko litzaigukeenari.

Erromerientzat uda izaten da sasoi biziena. Nola bizitzen ari zarete zuek?

E.A.C.: Gure lehengo urtea izan denez, nahiko lasai egotea pentsatu dugu, ez ematea kontzertu asko. Lau izan ditugu bakarrik, baina gure ideia da datorren urteko udan gehiago izaten saiatzea.

Zenbateko errepertorioa daukazue?

E.A.C.: Bi ordu eta erdi ingurukoa. Lehen bagenuen trikitilari bat, baina Errenteriakoa zenez nahiko zaila zen berarekin entseatzeko geratzea. Gauzak hala, trikitilari bila ari gara orain, eta izan arte badaude hainbat abesti ezin ditugunak jo.

Non jo duzue orain arte?

O.S.C.: Jon genuen Zamudion, Arrankudiagan ere egon ginen…

E.A.C.: Larunbat honetan Amurrion joko dugu, eta Laudion ere joko dugu irailaren 23an.

Zer aurreikuspen dituzue hurrengo hilabeteei begira?

Jon Isusi Ibarrola: Entseatzen hasiko gara, eta , eta beste musika motaren bat gustatzen baizaigu ere hasiko gara sartzen…

M.M.U.: Nik uste dut mantenduko dugula orain arte egiten duguna, entseatuz eta ondo jotzen; eta ikusten badugu badagoela abesti berriren bat gustatzen zaiguna ba saiatuko gara baita jotzen.

Zer motatako errepertorioa duzue orain?

E.A.C: Nik uste dut badugula apur bat denetarik. Jotzen ditugu abesti oso ezagunak, eta gero beste batzuk ez direnak horrenbeste entzuten.

O.S.C.: Gure musika bada nahiko zabala. Baditugu baladak, rocka, oi, ska… apur bat denetarik.

Erromeriak urte luzez egon dira 1980-1990. hamarkadetako musikan iltzatuak...

O.S.C.: Guk badugu Zetak taldearen abestiren bat, dela nahiko berria; eta gero baditugu baita Eskorbutorenak… denetarik.

M.M.U.: Erromeria batean entzuten den horretatik abiatzen gara, hori delako jendeari gustatzen zaiona, edo hori dirudi behintzat. Baina gero galdetzen diogu gure buruari: zer gustatuko litzaiguke erromeria batean ikustea? Eta faltan botatzen ditugun abesti horiek sartzen saiatu gara.

Nola adosten duzue zer jo? Entsegu lokalera eramaten dituzue proposamenak eta bertan erabakitzen duzue?

E.E.C: Bai, edo momentuan bertan. Gure Instagram kontuan ere noizbait  jarri izan dugu jendearen proposamenak jasotzeko galdetegiren bat.

Lan bizia da erromeriena: herri batetik bestera joan eta ordu txikitan jo. Gogotsu zaudete? Zer erritmotan aritu nahiko zenukete?

M.M.U.: Ez garenez oso erromeria ezaguna, momentuz ez zaizkigu hainbeste aukera sortu. Jendeak erromeria ezagunagoak deitzen ditu eta, ikusten badu ezin duela euren aurrekontua ordaindu, ba orduan jotzen erromeria txikiagoetara, gurea adibidez.

Unai Ruiz Matamoros: Kasuaren arabera erabakiko dugu. Egiten diguten proposamena gustatzen bazaizu, ba aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide