Elkarretaratze jendetsua egin dute Amurrioko jaietan jazotako eraso matxistak salatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 14a, 23:02

Jendez bete da Amurrioko Juan Urrutia Plaza, erasoak salatzeko. / Aiaraldea.eus

Jendetza elkartu da Amurrioko Juan Urrutia plazan, herriko eragile feministek deituta, txupinazo egunean jazotako erasoak salatzeko. Trot-Art kuadrillak, bere aldetik, festen testuinguruan jazotako irain eta komentario homofoboak salatu ditu elkarretaratzean.

Elkarretaratzea deitu dute Amurrioko Mugimendu Feministak, Emakumeon* Sareak eta Otsemeak Neska* gazte taldeak gaur arratsaldean Juan Urrutia plazan, festen testuinguruan gertatutako eraso matxistak salatzeko. Ehunka herritar batu dira gaitzezpen mobilizaziora.

Eragile feministek azaldu dutenez, txupinazo egunean -abuztuaren 12an- jazotako bi eraso matxistaren berri izan dute. "Erasotzaileak gure artean bizi diren heinean, denon ardura da horiei aurre egitea eta salatzea. Horregatik, jaietako eragile guztiak izan behar dira honetarako agente eta jaiak leku seguru, gozagarri eta askeak direlaren bermea", adierazi dute elkarretaratzean irakurritako manifestuan.

Eraso hauen aurrean "makurturik" geldituko ez direla aldarrikatu dute hiru eragileek. "Argi daukagu ez garela besoak gurutzatuta geratuko, emakumeok ahaldundu eta indarrak batuko ditugu, sistema heteropatriarkal honek erreproduzitzen dituen indarkeri sexista hauek eten arte". Azkenik "elkartasun eta babes guztia" helarazi diete azken egunetan "biolentzia matxistaren muturreko adierazpenak" bizi izan dituztenei.

Tort-Art kuadrillaren salaketa

Bestalde, Amurrioko Trot-Art kuadrillak jaien testuinguruan jazotako irain eta komentario homofoboak salatu ditu arratsaldeko elkarretaratzean. "Guztiontzako tokia izango duten jaiak" aldarrikatu dituzte, eta homofobiaren aurrean "zero tolerantzia" izatea eskatu: "Norberaren orientazio sexuala ez beste inoren inkunbentzia, eta are gutxiago irainerako kontua. Espero dugu jarrera hauek gehiago ez errepikatzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide