'Kafea + Liburuak', nagusientzako programa berria Amurrioko liburutegian

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 7a, 17:00

Dinamika berria da 'Kafea + Liburuak'. / Amurrioko Udala

Urriaren 10ean abiatuko dute 'Kafea + Liburuak' izeneko dinamika berria Amurrioko Udal Liburutegian. Irakurtzera ohituta ez dauden 65 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Hilean ordubetez kafe baten bueltan irakurmena lantzeko proposamena da.

Amurrioko Udalak dinamika berri bat aurkeztu du: 'Kafea + Liburuak'. Horren bitartez, irakurtzera ohituta ez dauden 65 urtetik gorako pertsonak animatu nahi dituzte hilean ordubetez liburutegian elkartu eta, “irakurketaren onuraz” gozatzeaz gain, “ondo pasatzera”.

Laura Medel hezitzaileak gidatuko ditu saioak. Ohiko irakurle ez diren adinekoei zuzenduta dagoenez, liburutegiko arduradunek azaldu dute poliki-poliki hasiko direla lehen saioetan. Hasteko, ipuin, olerki edo komiki bat irakurriko dute horren inguruan hausnartu eta esperientziak partekatzeko aitzakiarekin. Giro atsegina sortze aldera, kafea eta infusioak jarriko dituzte mahaiaren bueltan.

Oraingoz, hiru saio aurreikusi dituzte urtea amaitu bitartean. Lehena urriaren 10ean izango da, asteartean. Hurrengo saioak azaroaren 14an eta abenduaren 12an izango dira, denak asteartez, 17:00etatik 18:00etara bitarte.

Irakurketaren onurak

Amurrioko Udal liburutegiaren arabera, asko dira irakurketaren onurak. Alde batetik, garuna “gazte eta aktibo mantentzen du” eta “oroimena eta hitz-jarioa errazten ditu”. Horrez gain, estresa murriztu eta osasun mentala hobetzeko lagungarria da eta, gainera, irakurketa partekatuetan sozializatzeko aukera ematen du.

Esperientzia berri honetan parte hartu nahi duen orok liburutegira deitzea besterik ez du, 945 39 37 20 telefono zenbakiaren bidez. Momentuz aurrez aipatutako hiru saioak programatu dituzte eta, horien ostean, dinamikarekin jarraitu edo ez erabakiko dute, jasotzen duen erantzunaren arabera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide