Ibai Ruiz borroka profesionalera itzuli da Thailandian

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 8a, 10:15

Ibai Ruiz Thailandiako ring batean bere lagunekin./ I . R.

Amurrioarrak martxoan erabaki zuen bere ibilbide profesionala etetea, baina udan Thailandian egindako egonaldian hiru aldiz borrokatzeko aukera izan zuen eta profitatu egin zuen.

Antolatzaile zein epaileekin zenbait esperientzia ezatsegin izan ostean, Ibai Ruizek aurtengo martxoan erabaki zuen bere ibilbide profesionala amaitutzat jotzea. Borrokalariak ez zuen motibaziorik aurrera egiteko eta alde batera egitea izan zen bere hautua.

Dena den, udan Thailandian egin du egonaldia, bere senide bat hangoa baita, eta zenbait gimnasiotan aritu zen entrenatzen eta ikasten.

Horri esker, hiru aldiz ringera igotzeko proposamenak jaso zituen. "Bi estadiotan lehiatu naiz eta emaitzak onak izan dira".

Berez, Ruizen asmoa zen azkenengo aldiz Thailandian lehiatzea eta agurra behin betikoa izatea: "Edozein borrokalarik daki zein garrantzitsua den Thailandiako jendearentzat kultura hau eta polita iruditzen zitzaidan han igotzea azkenengo aldiz ringera".

Baina lehen borrokaren ostean beste bi gehiagotan parte hartzeko parada suertatu zitzaion eta ilusioz itzuli da lehiara amurrioarra.

Berez, Ruizek ez du parte hartu bere ohiko diziplinan, hots, Kick Boxingean, baizik eta Muay Thain. "Kirol honetan ukondoekin jo daiteke eta arerioa heldu. Puntuatze sistema ere ez nuen menperatzen, baina emaitzak onak izan dira".

Emaitza horien ondorioz, proposamen gehiago heldu zitzaizkion. "Lumpini estadio mitikoan borrokatzeko esan zidaten, baina irailean zenez hitzordua, ezin izan nuen onartu", argitu du kirolariak.

Orain, ilusioz

Esperientzia horiek balioan jarrita, Ruiz Euskal Herriko ringetara igotzeko gogoz dago, baldin eta eskaintza interesgarriren bat egiten badiote.

"Denbora tarte oso motzean motibazio handia jaso dut. Ni duela hamar urte borrokatu nintzen Thailandian eta geroztik ez dut ezer egin. Bi hilabetetan inor ez izatetik proposamenak jasotzera igaro naiz. Izan ere, estadioetan ikuskatzaileak daude eta horrela heldu zitzaidan iraileko eskaintza".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide