Athleticen 125. urteurrena eta elkartasuna uztartuko ditu Amurrio Club-CD Orduña partidak

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 8a, 22:47

Spiderabel Fernandezek ere lagun du ekimen honetan. / CD Orduña

Non-League Day ekimenaren barruan Amurrio Clubak eta CD Orduñak lagunarteko partida jokatuko dute. Athletic Cluba da egitasmoaren bultzatzaileetako bat eta norgehiagoka AEFATen aldeko dirua biltzeko baliatuko dute.

Bihar 18:00etan Basarte futbol zelaian lagunarteko Aiaraldeko derbia jokatuko dute Amurrio Club eta CD Orduña taldeek. Norgehiagoka Non-League Day egitasmoaren barruan kokatzen da eta Bizkaiko hainbat klub batuko dira horretara asteburuan.

Izan ere, profesionala ez den futbol partidak ikustea sustatzen du Non-League Day Britanian sortutako mugimenduak, eta Athletic Clubak jarduera bultzatu du aitortzeko klub txikiek egiten duten lana, bere 125. urteurrenaren ospakizunen barruan.

AEFATen aldeko zozketa

Dena den, kirol hutsa ez da izango jokoan bihar Basarten. Berez, hitzordua elkartasun helburuak izango ditu eta sarrerarik ez bada ordaindu behar ere, zozketa egingo dute atsedenaldian.

Boleto bakoitzak bi euro balioko du eta sariak Athletic Club-Cadiz norgehiagoka ikusteko VIP sarrera bikoitza eta Athletic Clubeko bi kamiseta -emakumezko zein gizonezko lehen taldeek sinatuta- izango dira, Ibaiganeko klubaren opariak, alegia.

Horrez gain, Sabin Guarestiren kontzertua ere egongo da.

Gogoratu beharra dago AEFAT elkarteak finantzatzen dituela ataxia telangiectasia gaitz arraroari buruzko ikerketak eta bihar bilduko den diruaren bi heren talde horretara bideratuko dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide