Antolatzaileek aurreikusi bezala, ez zuten hegan egiteko aukerarik izan parapente topaketetan. Berez, Urduñako ingurutan parapentea baliatzeko ezinbestekoa da ipar haizea, eta larunbatean, aldiz, hego haizea nagusitu zen.
Edonola ere, hori ez zen izan oztopoa parte-hartzaileen gozamenerako eta, hegaldien ordez, mendi txangoak, Urduñako antigualeko azokara irteera, pilota partidak eta poteoa egin zuten goizez, txosna eskura izan baitzuten. Horrez gain, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko aukera eskaini zuten, modu arrakastatsuan.
Egun osoan parrillada egin zuten, jende orok mokadua dastatzeko, eta airean egin behar zuten mozorro lehiaketa, Tertangako aterpean bertan egin zuten.
Ekaitzaren ondorioz The Pushermen taldearen emanaldia bertan behera utzi behar izan bazuten ere, antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute: "100 parapentista baino gehiago bertaratu ziren eta Urduña eta inguruko jendea ere ez zen falta izan".
Zozketa eta material salmenta egon zen eta hurrengo urtera begira, Gorobel Parapente Taldeak espero du eguraldiak laguntzea eta hegaldiak ahalbidetzea.
Nabardura gisa, aipatu dute topaketa hauek irailean egin behar dituztela urtarriletik abuztura bitartean ezin delako hegan egin Urduñan, animalientzako eremu babestua baita: "Agindu horrekin bat egiten dugu eta ondo iruditzen zaigu natura zaintzea".