“Etorkizuna klubean argi daukagu ez garela entrenatzaileak, hezitzaileak baizik”

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 25a, 12:35

Etorkizuna klubeko kirol zuzendaria da Aitor Llano. / Aiaraldea.eus

Aitor Llano (Amurrio) Etorkizuna klubeko kirol zuzendaria da eta elkartean egiten ari diren aldaketen eta filosofiaren berri eman du.

Zeintzuk dira zure ardurak Etorkizuna klubean?

Iaz hartu nuen kirol koordinatzailearen ardura. Kirol arlo guztietan guk ezarritako irizpideak betetzen direla bermatu behar dut, baita dena modu egokian funtzionatzen duela ere. 

Entrenatzaileekin, gurasoekin eta federazioarekin komunikatu behar naiz eta kirol behar guztiak asetu behar ditut.

Aurten zenbat neska-mutil dituzue klubean?

Iaztik hona inskripzioek gora egin dute eta igoera nabarmena sumatu dugu. Aurten, gutxi gorabehera, 200 neska-mutilek baino gehiagok eman dute izena eta emakumezkoen kirolari garrantzi berezia eman nahi diogu. Zentzu horretan, erantzun positiboa izan dugu nesken aldetik herrian, eta kopurua igo da.

"Erantzun positiboa izan dugu nesken aldetik herrian, eta kopurua igo da"

Zer sustatzen du Etorkizunak?

Amurrioko eta inguruko neska-mutilei kirola egiteko aukera ematen die eta argi dugu zeintzuk diren gure balioak; kiroltasunez jokatzea, taldekideak eta futbolaren inguruan mugitzen diren lagun guztiak errespetatzea (entrenatzaileak, arerioak...). Kirola sustatzea, errespetua eta taldekidetasuna dira ardatza.

Zenbat denbora daramazu Etorkizunan?

Duela zortzi urte hasi nintzen entrenatzen Amurrion, baina nire lehenengo urteak Kaskagorrin eman nituen. Etorkizunan sartu nintzen duela bost urte entrenatzaile gisa eta orain tartekatzen ditut ardura horiek eta kirol zuzendariarenak. Berez, hau da nire bigarren urtea kirol zuzendari legez. 

Urte hauetan zein aldaketa gertatu dira klubean?

Sartu nintzenetik sumatu dugu neska-mutilen entrenatzaile gazteak falta zirela eta hori konpontzen saiatu gara. Herriko gazteak gonbidatu ditugu klubean sartzera horretarako. Berez, belaunaldi aldaketa beharrezkoa da klubaren barruan eta horretan gaude. Hori izan da aldaketa nagusienetako bat.

Bestalde, aurten klubak metodologia propioa ezarri du. Ez gara adituak, baina gure trebakuntzarekin garatu dugu eta adituekin partekatu dugu. Horren helburua da talde txikienetatik nagusienera guztiok lan egitea bide berean. 

Neska-mutilentzako eduki tekniko eta taktikoak ezarri ditugu eta kirol ohiturak. Azpimarratu nahi dugu gure abiapuntua dela gu ez garela entrenatzaileak, hezitzaileak baizik. Hemen neska-mutilekin ordu asko igarotzen ditugu eta eurentzat ispilua izan behar gara.

Zein izan da aldaketa nagusia metodologian?

Orain arte ez da landu eta guk finkatu ditugu guretzat garrantzitsuak diren hainbat eduki, kontuan hartuta jokalarien adina. Adin bakoitzean zein eduki landu behar duen zehaztu ditugu, klubaren barruan argi izateko. Horretarako pasa den astean trebakuntza saioa egin genuen, azaltzeko zer nahi dugun.

Entrenatzea lan irekia da. Izan ere, entrenatzaile izateko grinaren barruan dago norberak transmititu nahi dituen edukiak, baina baztertu gabe guk ezarritako norabidea.

Kirol taldea sortu dugu aurten konfiantzazko hiru kideren artean eta badakigu zein den Aiaraldean ditugun bitartekoak eta testuingurua, baina jokalariak erdian jartzen saiatzen gara. Hori guztia trebakuntza eskaintzen entrenatzaileei eta emaitzak futbol zelaian islatuta. 

"Ekitaldiak eta sorpresa batzuk antolatu nahi ditugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu klubak urte luzez eman duen aukera kirola emateko herriko neska-mutilei"

Ezarritako irizpide tekniko eta taktiko horiekin joko eredu jakin baten alde egiten duzue?

Ez. Gure jokoa joko garbia da. Gero bakoitzak dauka bere jokatzeko modua, baina jokalari guztiek kontzeptu batzuk argi izatea nahi dugu. Gero ikusiko dugu jokalari bakoitzak zein gaitasun duen, batzuekin irizpide horiekin urrats bat gehiago eman ahalko dugu, edo ez.

Zein da zuen norabide berriaren xedea?

Amurrion indarra jartzea eta erakustea seriotasunez lan egiten dugula, eta noski, ahalik eta tresna gehien eskaintzea jokalariei ez bakarrik futbolean, baita bizitzan ere, zenbait balio landuta. Aipatu nahi dut Campusak antolatzen hasi ginela iaz eta aurten ere egin nahi dugula.

Aurten ere 25 urte beteko ditu klubak.

Bai. Ilusioa sortzen digun denboraldia da. Alde batetik, ikusi nahi dugu metodologiaren eragina zein den. Bestetik, klubaren 25. urteurrena da. 1998an sortu zuten eta aprobetxatu nahi genuen biak uztartzeko. Ekitaldiak eta sorpresa batzuk antolatu nahi ditugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu klubak urte luzez eman duen aukera kirola emateko herriko neska-mutilei.

Zergatik sortu zuten Etorkizuna?

Ni ez nintzen jaio 1998an (barreak), baina Amurrio Club taldeak ez zuen harrobia lantzeko klubik eta erabaki zuten Etorkizuna eta Kaskagorri sortzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide