Ostiral honetan emango diete hasiera Amurrioko auzoko jaiei. Auzoa 80ko hamarkadan girotuko dute eta 19:30ean jaurtiko dute txupinazoa. Segituan Partymanek hartuko du Bañueta alaitzeko ardura, baina, hori baino lehen, haurrentzako jolasak egongo dira auzoan 17:30etik aurrera.
Iluntzean Izaskun Del Cerrok zumba klasearekin dantzaraziko ditu festazaleak eta 22:30ean Hotel Ruido musika taldeak hartuko dio lekukoa. Gauerditik aurrera musikarekin luzatuko dute jaia hala nahi dutenek.
Egun handia
Larunbatean, irailaren 30ean, goizean goiz hasiko dute eguna bañuetarrek. Kirolzaleak 9:30ean abiatuko dira mendira eta 10:30ean xake lehiaketa antolatu du Amurrioko Xake Taldeak. 11:00etan motor klasikoak aterako dituzte eta goiz osoan iraungo du erakusketak.
Ordu berean hasiko da lehiaketa gastronomikoaren txanda, tortilla txapelketarena, hain zuzen. Parte hartzaileek 12:30ak arte izango dute tortillak aurkezteko tartea. Hori baino lehen, ordea, ohiko omenaldiak egingo dituzte auzokideek eta 14:30ean egingo dute bazkaria.
Arratsaldean xakeak berriz hartuko du Bañueta, 16:30etik aurrera haurrei zuzendutako ekintzekin. Nahi dutenek kartetan aritzeko aukera ere izango dute, 17:00etan mus txapelketa abiatuko baitute Arkune tabernan.
Horien ostean bowl erakusketa, txokolate jana eta txikientzako disko dantza egongo dira eta 20:00etan Aiarako Maratoi Solidarioari egingo diote harrera bañuetarrek.
21:30ean auzokide guztiek elkarrekin afalduko dute eta 22:30ean Tutuka musika taldea igoko da oholtzara. Festa ordu txikiak arte luzatzeko, musika jartzaile batek hartuko du Bañueta dantzan mantentzeko ardura.