"Giltzarrapon argi utzi genuen garrantzitsuena ondo pasatzea izango zela, gozatzea eta elkarri laguntzea"

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 27a, 08:00

Izaro Ramos kapitaina. / Angel Font

IZARO RAMOS (Amurrio) Giltzarrapo klubeko emakumezkoen taldeko kapitaina da. Alavesekin akordioa sinatu ondoren, kirol proiektuak lehen denboraldiari ekin zion igandean.

Noiz eta nola bururatu zitzaizuen emakumezkoen taldea sortzea?

Beti izan dut Amurrion espazio bat falta zelaren sentsazioa, emakumeoi jokatu eta kirol-esparru horretan maila serioagoan lehiatu ahal izateko aukera ematen diguna.

Egia da batzuk futbol-talde batean geundela, baina giroz aldatu nahi genuen, gure herrian kuadrillako lagunekin jolasteko gogoa genuen.

Orduan herriko hainbat klubekin elkartzen hasi nintzen, emakume-talde bat ateratzeko zuten interesa ezagutzeko. Giltzarrapo nirekin jarri zen harremanetan, eta asko gustatu zitzaidan haiengandik jasotako tratua; haiek ere erronkan konfiantza eta ilusioa zutela argi zegoen.

"Talde kiroleko jarduerarekin gozatzeko gogoa zuten neskak besterik ez genituen nahi"

Maiatzean kuadrillako lagun batzuk kafea hartzeko geratu ginen eta ideia aipatu nien, Giltzarrapok nesken taldea ateratzeko aukera eskaini zidatela esanez. Besterik gabe, lanari ekin genion, eta herriko lagunengan pentsatu genuen, animatuko zitezkeelakoan, garrantzia handirik eman gabe futbolean jokatu izan zuten edo ez. Talde kiroleko jarduerarekin gozatzeko gogoa zuten neskak besterik ez genituen nahi eta sinestesina izan zen baietzak entzutea.

Hemen argi utzi genuen garrantzitsuena ondo pasatzea izango zela, gozatzea eta elkarri laguntzea.

Zein urrats eman zenituzten horretarako?

Gure abenturan izena eman zuten nesken kopuruak gora egin zuela jakin orduko, klubarekin, Alaves taldearekin eta udalarekin bilerak hasi ziren. Asko lagundu ziguten, eta prozesu guztia askoz errazagoa izan zen. Pixkanaka, helbururantz abiatu ginen, urte askoren ondoren, gure herrian berriro emakume-talde bat izateko.

Beste urrats bat babesleak bilatzea izan zen, Giltzarrapo herriko klub txikia baita. Amurrion, ELKARLANek hasieratik eskaini digu laguntza, eta Opebide ere gure babesleetako bat da.

Zenbat emakumezkoak eman dute izena?

Orain 25 neska ditugu fitxarekin. Hala ere, entrenatzen edo taldean herriko 30 neska gaude. Ikus dezakezuenez, topera gaude, eta asko harritu dira, baina ni ez nintzen harritu. Emakume askok futbolean edo beste edozein kiroletan jokatu nahi dute, ez zitzaidan oso zaila izan haiek aurkitzea, are gehiago, asko etorri ziren taldeari buruz galdezka.

"Emakume askok futbolean edo beste edozein kiroletan jokatu nahi dute"

Gauzak zailxeago jartzen dizkigute, baina ilusioz eta gogoz dena posible da. Ea herrian ba ote dagoen nesken oinarrizko futbola. Gure herriko neskatoek futbolean jokatzera beste herri batzuetara joan behar ez izateko.

Aurretik futbol jokalariak ziren, lehenengo aldiz talde batean daude? Nongoak dira?

Gure taldean, nesken erdiak ez dute inoiz futbolean jokatu. Erronka handia zen, baina ez zuten beldurrik, ikasteko eta gauza berriak probatzeko gogoa zuten. Horretarako, ni, kapitain gisa eta bi entrenatzaileen eskutik, jokalarien motibazioari eusten saiatzen gara, eta mundu guztiari erakutsi nahi diogu gu ere futbolean aritu gaitezkeela, txikitan jokatzeko aukerarik izan ez arren. Inoiz ez da berandu.

Beste askok atzean utzi ditugu beste talde batzuk, herrian eta gure lagunekin jokatzeko ilusioagatik. Oso ausartak garela eta esperientzia sinestezina dela badakigu. Amurriokoak eta Luiaondokoak gara.

Zein kategorian hasi zarete jokatzen?

Aurten, talde berria izanik, Arabako lehen regionalean jokatzen dugu. Aurreko asteburuan kopa jokatzen hasi ginen, eta lehen partida izugarria izan zen, 1-1 Amurrion. Miren Toquero gure taldekideak gol olinpikoa egin zuen.

Zeintzuk dira taldearen helburuak aurten?

Zalantzarik gabe, sortu dugunaz eta gure giro onaz gozatzea. Kapitain gisa, zerbait ezinbestekoa dela iruditzen zait; gu zaintzea, alegia. Bakoitzak bere onena eman dezala, eta emakumeak futbolean ere indartsuak izan daitezkeela frogatu dezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide