Urriaren 7an Elexazar aztarnategian bisita gidatua egingo du Arkeologiarako Arabar Institutuak. Conoce tu pasado con el Instituto Alavés de Arqueología jardunaldien bidez, Arabako sei ondare arkeologikora bisita gidatuak antolatu dituzte urtean zehar. Hurrengoa Amurrion izango da eta Elexazar aztarnategia bisitatzeko aukera egongo da Juango Hidalgo historialari, arkeologo eta irakasle laudioarraren eskutik.
Hidalgok Amurrioko aztarnategiaren indusketa lanetan hartu du parte, baita Untzueta gazteluko 2006ko eta 2007ko kanpainetan eta 2021ean eta 2022an Gorbeiako bi hareharri mehatzetan egindakoetan ere. Bera arduratuko da bisitara gerturatzen diren guztiei Elexazarren inguruko informazioa azaltzeaz.
Elexazar
Mendiko aztarnategia da Elexazar, 550 metroko altueran dago eta baserri motako landa-establezimendu gisa katalogatuta dago. Azienda handietan espezializatuta zegoela uste da, nahiz eta ziurrenik autohornikuntzarako laboreak ere ereingo zituzten inguruan. Hiru eraikinek osatzen dute: etxe nagusi batek, tailer batek eta ukuilu moduko batek.
Erromatar garaikoa da eta 2009an aurkitu zuten. Berehala eskatu zuten indusketa-baimena, orduan ez zekitelako ezer leku hari buruz. Ordutik, hamar kanpaina egin dituzte jarraian 2019ra bitarte, 2012an izan ezik. Batez ere udan egiten dituzte indusketak boluntarioen laguntzarekin eta hainbat teknikariekin.
Bisita gidatua
Bisita urriaren 7an izango da, larunbatean. Parte hartzaileak Amurrioko San Roque baselizan elkartuko dira 10:00etan eta oinez egingo dute aztarnategirako bidea. Gutxi gorabehera 2 kilometroko luzera eta 200 metroko desnibela ditu eta bidean azalpenak jasoko dituzte, taldean eta patxadaz joateko.
Pasealdi atsegina eta erraza den arren, mendian ibiltzeko oinetako aproposak eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Aurreikusitakoaren arabera, bisitak hiru ordu inguruko iraupena izango du.
Izena urriaren 5a baino lehen eman behar da secretaria@iaa-aai.org helbide elektronikoan. Arkeologiarako Arabar Institutuko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek ez dute ezer ordaindu beharko, eta gainerakoek 5 euro eman beharko dituzte egunean bertan. Gehienez ere 30 pertsonak hartu ahalko dute parte bisitan. Elkartearen web atarian jaso daiteke informazio gehiago.