Aiaracompost taldeak sinadura bilketa bultzatu du Internet bidez zein Maritierra dendan eta Abizabal tabernan. Epaitegiaren alboan eraiki nahi duten aparkalekuaren kontra agertu da taldea, eta aldarrikatu du horren ordez, lursail horiek parke bat egitera bideratzea.
Berez, Amurrioko Udalak 52.872,28 euroren truke 1898,84 metro karratuko partzela erosi zion Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari 55 ibilgailurako aparkalekua sortzeko.
Taldearen aburuz, “aparkaleku hori eraikitzeak gure herriaren erdigunean dagoen berdegune bizi bat kentzea ekarriko du. Inguru horretan lehendik dagoen trafikoa larriagotuko du eta aparkalekura sartzeak autoak bidegorriaren eta oinezkoentzako espaloiaren gainetik pasatzea ahalbidetuko du”.
Aiaracompostek aldarrikatu du mugikortasun jasangarria sustatzeko bidea ez dela autoen erabilera erraztea, baizik eta bizikletarena. Horretarako bidegorriak zein txirrindulentzako aparkaleku estaliak beharrezkoak direla erantsi dute.
Gauzak horrela, bestelako azpiegitura exijitu dute epaitegien parean: “Hiri-inguruneko parkeak oso garrantzitsuak dira klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, hiri-bioaniztasunari eusteko eta bizilagunen gozamenarako”.