"Eman aurpegia euskararen alde!" kanpaina aurkeztu dute gaur eguerdian Amurrioko udaletxean. Udalerriko euskaldunak identifikatu eta elkarren arteko komunikazioa erraztea du helburu egitasmoak. Herriaren euskalduntze-prozesuan eragin nahi dute tokiko erakundetik. Izan ere, amurrioarren %50a euskalduna bada ere, hizkuntzaren erabilera %5ekoa da.
Amurrioko euskaldun komunitateari luzatu diote Euskararen Eguna ospatzeko baliatuko den mosaiko erraldoi baterako argazkiak bidaltzeko gonbita. Gerora etxe guztietako postontzietan banatuko dute mosaikoa.
Adinez nagusi diren herritarrek azaroaren 17ra arte izango dute argazkia bidaltzeko epea. Irudi-baimena funtsezkoa izango da, eta horretarako Amurrio.eus atarian egongo da galdetegia eskuragarri, bihartik aurrera.
Posta elektronikoz edota Whatsapp bidez ere jasoko dituzte irudi eta baimenak; irabazieuskararekin@gmail.com helbidean eta 662 303 756 telefonoan, hurrenez hurren.