Portugalen daude Amaurre Ikastetxeko hainbat gazte, Erasmus+ programari esker

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 12a, 12:00

Amaurreko ikasleak Portugalen. / A. I.

Lisboako Real Colegio de Portugalen daude DBHko hamabi ikasle eta bi irakasle, astebetez, kulturartekotasuna eta jasangarritasuna lantzeko helburuarekin.

Ikasturtea hasita, Amaurre Ikastetxea buru-belarri dabil berriro Erasmus+ programan. Europar Batasunak finantzatzen duen nazioarteko hezkuntza programak kulturartekotasuna eta jasangarritasuna izango du hizpide eta horrek Lisboako Real Colegio de Portugal ikastetxera eraman ditu hamabi ikasle eta bi irakasle.

Berez, aurten hiru eguneko bisita egin dute eskola horretako sei irakaslek, Amurrioko zentroaren metodologia eta kudeaketa zein antolakuntza moduak ezagutzeko: PYCTO irakurketa-idazketa metodologia, STEAM ekimena edota matematikak ikasteko Singapur Metodoa, Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza, Irakaskuntza Kooperatiboa eta Pentsamenduan Oinarritutako Irakaskuntza uztartzen dituzten proiektua...

Aurreko ikasturteko proiektuak saria lortu du

Horrez gain, ikastetxeak jakinarazi du iaz Erasmus+ programaren barruan abiatu zuten proiektua luzatuko dela. Aurrerago informazio gehiago zabalduko badute ere, aurreratu dute Irlanda, Finlandia eta Maltako ikastetxeekin egin zuten “Erasmus Save Our Second Languages” proiektua aurkeztu dutela European Innovative Teaching Award-en, eta saritu egin dutela. Berez, Paddraig (Irlandako ikastetxeko irakaslea eta proiektuaren koordinatzailea) Bruselara gonbidatu dute saria jasotzera.

Albiste ona ez da hor geratu. Izan ere, Irlanda eta Finlandiako ikastetxeekin beste bi proiektutan lanean jarraitzeko aukera ere eman diete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide