Gorobel Mendi ibilaldiaren edizio berria egingo dute azaroaren 5ean

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 13a, 10:13

Honezkero 450 izen emate jaso dituzte antolatzaileek. / Aiaraldea.eus

Zabalik dago Gorobel Mendi Ibilaldian izena emateko epea. Azaroaren 5ean antolatuko dute urteroko hitzordua, eta aurten hiru ibilbide desberdin proposatuko dituzte.

Ohi bezala, azaroko lehenengo igandean Gorobel mendi Ibilaldiaren edizio berria antolatu du Amurrioko Mendiko Lagunak Taldeak. Azaroaren 5ekoa, ekimenaren XXXVII. edizioa izango da. 

Izen-ematea urriaren 9an zabaldu zuten, eta urriaren 22ra arteko epea egongo da parte hartzeko. Aurten 1.200 izen emate onartuko ditu antolakuntzak, iaz baino 200 inskripzio gehiago. Mendiko lagunak taldeak Aiaraldea Komunikabideari aurreratu dionez, gaur gaurkoz 450 izen emate bete dira dagoeneko.

Internet bidez egin behar dira izen-emateak. Bazkide federatuek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez federatuek 16 euro. Horrekin batera, oroigarritzat banatuko duten izerditakoaren neurria ere zehaztu beharko dute parte hartzaileek.

Hiru ibilbide Gorobelen barrena

Azken edizioetan egin bezala hiru ibilbide desberdin prestatuko dituzte, Gorobel mendilerroko bideetan barrenan. Ibilbide nagusiak 42 kilometroko luzera izango du. Menerdigako atakatik igoko da mendilerroaren goialdera, eta Ungino, Eskutxi, Urieta edota Tologorri gailurrak zeharkatuko ditu.

Ibilaldi ertainean parte hartuko duten mendizaleek Menerdigako bidea hartuko dute ere, eta Ungino eta Tologorritik igaro ostean, Paso malotik jaitsiko dira, guztira 26 kilometroko zirkuitua osatuz. Azkenik, martxa txikiak 10 kilometroko ibilbidea osatuko du; Juan Urrutia plazatik Babio mendiraino.

Aiaraldea Komunikabideak, babesleetako bat izanik, probaren jarraipen berezia egingo du eskura dituen komunikazio euskarrietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide