Diziplina positiboa, idazketa tailerra eta Wikitxokoarekin gainezka dator Amurrioko Udal Liburutegia

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 13a, 13:30

Irune Llagunok bideratuko ditu idazketa tailerrak.

Urrian hainbat jarduera prestatu dituzte Amurrioko Udal Liburutegian hezkuntzaren, sorkuntzaren eta trebakuntza digitalaren esparruetan.

Amurrioko Udal Liburutegiak indartsu hasi du ikasturtea eta urria izango da horren isla. Izan ere, hiru jarduera prestatu dituzte jendea erakartzeko.

Alde batetik, urriaren 19an Laura Medel gonbidatu dute hitzaldia eta parte hartzerako tailerra egin dezan 17:30ean. Emakumea hezitzailea da, diziplina positiboan aditua, eta hezkuntza emozionalaren garrantzia azalduko du. Metodologia horri buruz mintzatuko da eta helburua da ahalik eta guraso gehien bertaratzea, nahiz eta edonork eman dezakeen izena 945 39 37 20 telefono zenbakian. Plaza kopurua mugatua da eta haurtzaindegi zerbitzua eskura jarriko dute.

Idazketa tailerra gazteleraz

Irune Llaguno laudioarrak idazketa tailerra eskainiko du. 90 minutuko lau saio izango dira; urriaren 26an, azaroaren 16an, azaroaren 30ean eta abenduaren 14an (ostegunak guztiak). Arratsaldez izango da eta Llagunok espero du irudimena sustatzea, hizkuntzaren adierazpen-baliabideak zein ideien antolaketa hobetzea eta irakurketaz gozatzea.

Wikitxokoa

Gainera, Udazkeneko Wikitxoko saioak ere abiatuko dituzte urrian, Mentxu Ramilo adituaren eskutik. Urriaren 25ean 16:30ean azalduko du herritarrek aukera dutela Wikipediako edukiak hobetzeko. Azaroaren 15ean ordu berean irakatsiko dute nola ekoiztu Wikipediako edukiak. Abenduaren 14an ildo beretik joko dute, editore lanak egin nahi dituztenentzat.

Horrez gain, Wikitxokoei lotuta, Micaela Portillo ikerlari arabarrari buruzko dokumentala proiektatuko dute urriaren 17an, 19:00etan Amurrio Antzokian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide