Palestinan izan zara berriki. Zerk motibatuta egin duzu bidaia hori?
Betidanik izan dut Palestina ikusteko nahia. Brigada batean joatea zen nire asmoa, baina ezin izan dudanez, nire kabuz joatea erabaki nuen. Duela urte batzuk Jordaniatik sartzen saiatu nintzen, baina garai hartan ezinezkoa zen. Hori dela eta, oraingoan Tel Avivetik sartu naiz, Israel zapalduz, eta bertatik jo dut Jerusalemera.
Palestinako zein zonaldetan izan zara?
Nablusen izan naiz iparraldean, eta Hebron hiria ere bisitatu dut. Palestinan barrena ibiltzea eta jendea ezagutzea zen nire bidaiaren xedea. Bertako biztanleen bizipenak eta esperientziak entzun nahi nituen. Horrela pasatzen nituen egunak, batekin zein bestearekin gelditzen nintzen eta kontatzeko zutena entzuten nuen.
Guest House batean izan nintzen, eta hormak tiroz josita zeuden. Ni iritsi baino hilabete batzuk lehenago militar isrraeldarrak sartu ziren Nabluseko alde zaharrean eta ostatua tirokatu zuten, besteak beste. Ostatuko jabea sukaldean zegoen lanean eta tiroak gertutik pasa zitzaizkion.
Biolentziak eta errepresioak markatzen du bertako egunerokotasuna?
Bai, leku batzuetan beste batzuetan baino krudelagoa da, baina uneoro daude eraso baten mehatxupean. Militar isrraeldarrak edota kolono sionistak inpunitate osoz sartzen dira herri eta auzoetan. Tentsio handia dago palestinarren egunerokotasunean. Dena dago militarizatuta. Nire sentsazioa izan da palestinarrak kartzela batean bizi direla. Israelek dena kontrolatzen du; argindarra, ura… Nahi duenean blokeatzen du bata edo bestea. Palestinarren mugikortasuna ere guztiz baldintzatuta dago; check-point desberdinak gurutzatu behar dituzte egunero, eta ez diete beti igarotzen uzten. Beste batzuetan eskolak ere itxi egiten dituzte militar israeldarrek. Palestinako biztanle askori ere lanera joatea galarazten diete. Horrela bizi dira, etengabeko kontrol batean.
Kolono israeldarren presentzia ere handia izango da.
Palestinako lurretan etengabe hedatzen ari dira kolonia israeldarrak. Militarrez inguratuta, abiadura bizian eraikitzen dituzte herriak. Etengabe aldatzen da Palestinako mapa, geroz eta lur gehiago kentzen diete. Israelgo gobernuak dirutza ordaintzen die kolonoei bertan bizitzearen truke.
Hebronen bizi izan nuen kasu bortitz bat. Alde zaharrean familia palestinar bat hil zuten etxea erakutsi zidaten. Bertakoak honezkero ez dira ausartzen bertan bizitzera. Kolono juduak dira orain alde zaharreko eraikinetako goiko pisuetan bizi direnak. Balkoietatik zaborra bota eta txiza egiten diete Hebroneko merkatuan dauden palestinarrei. Nire begiekin ikusi dut hori.
Egoerak eztanda egin du orain, nola bizi duzu bertako egoera?
Entzun nuenean Israelek “dena eman behar zuela” Palestinaren aurkako erasoan, nire buruari galdetu nion zer gehiago egin zezakeen honezkero egin ez duena. Genozidio bat da Israelek bertan egin behar duena, eta gai dira horretarako. Inpunitate izugarria daukate, ez bakarrik militarrek, baita kolono judutarrek ere.
Kontaktua daukazu bertan ezagututako jendearekin?
Pare batekin bai, harremana dut oraindik. Nablusen ezagutu nuen gizon baten semea egoerak eztanda egin baino pare bat egun gutxiago atxilotu zuten, militarrekin gertatutako zerbait grabatzen ari zirela. Uste dut oraindik ez dutela semearen berririk.