Ibai Ruiz amurrioarrak borroka garrantzitsua izango du larunbatean La Casillan. Lehiaketa profesionala utzi eta gero, Ruizek Thailandiara jo zuen eta han, ringera igo ostean, sentitu zuen bere burua prest eta motibaturik norgehiagoka profesionaletara itzultzeko.
Horretarako aukera bikaina sortu zitzaion eta larunbatean Vasco Pinto portugaldarrekin lehiatuko da Iberiako Iska Txapelketa lortzeko. Gerriko hori eskuratzeak eskubidea emango lioke Europako Txapelketan aritzeko.
Ruizek azpimarratu du urrats garrantzitsua litzatekela txapelketa lortzea eta aiaraldearren babesa eskatu du. Horregatik, sarrera bikoitza zozkatuko du sare sozialetan (Facebook, Instagram eta X -lehen Twitter-) Aiaraldea Komunikabidearen argitalpena partekatzen duten erabiltzaileen artean.
Halaber, sarrera eskuratu nahi dutenek borrokalariaren gimnasioan bertan (Chock Dee) egin dezakete.