'Guk' eskultura omenduko du Amurrioko erakusketa filatelikoak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 22a, 07:00

'Guk' eskultura duen zigilu-markatzaile bat ekoiztuko dute, eskulturaren 20. urteurrena ospatzeko. / Aiaraldea.eus

Amurrioko 'Guk' eskulturak 20 urte beteko ditu aurten. Hori  dela eta; Armuru Elkarte Filateliko-Numismatikoak azaroaren 11n abiatuko dituen jardunaldien protagonista nagusia izango da. Besteak beste, zigilu-markatzaile berezi bat sortu dute efemeridea ospatzeko.

Armuru Elkarteak antolaturiko Erakusketa Filateliko-Numismatikoaren edizio berri bat hartuko du Amurrioko La Casona erakusketa aretoak azaroaren 11tik 25era. Aurtengo edizioaren protagonista nagusia 'Guk' eskultura izango da; "izan ere, 20 urte bete ditu amurriarren ikono gisa", azaldu du Koldo Izagirrek, Armuru Elkarteko kideak. Guk eskulturari bakarrik ez, iaz zendu zen Angel Camino egileari ere egin nahi diote aitortza.

Horretarako, zigilu-markatzaile berezi bat sortu dute, eta erakusketak iraun bitartean Correoseko bulegoak Amurriotik bidaliko dituen gutun guztiak matasellatuta aterako dira. Hori bakarrik ez, 'Guk' eskulturaren irudia izango duten zigilu eta gutun-azal eta txartel "maximoak" ere ekoiztuko dituzte erakusketaren testuinguruan. "Gutun-azala eta txartel 'maximoa' zigilu bat jaulkitzen den unean egin ohi dira. Zigilua gutun-azal batean itsasten da, zigiluaren gaiari buruzko irudi batekin edo agertzen den irudiarekin, eta zigilua matasellatu egiten da zigilua igorri zen eguna jasota gera dadin", adierazi du Izagirrek. Numismatika eta filatelia zaleek azaroaren 14an izango dute oroigarrizko zigilu-marka erabiltzeko aukera, euren bilduma pertsonaletarako.

Zigilu eta txanpon erakusketa

Bi astez egongo da ikusgai Armuru Elkarteak La Casonan prestaturiko erakusketa. Lan egunetan 17:00etatik 19:00etara egongo da ikusgai. Jai egunetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan, ordea, erakusketa itxita egongo dela azaldu dute antolatzaileek.

Gai ugari jorratuko dituzte bertan, eta hainbat dira erakusketara gonbidatutako bildumak: Operako binokularrak, brontzezko zaharkinak, Athleticeko peñen egutegiak, Heraclio Fournierren kartak edota garagardo txapak.

Erakusketa nagusia, ordea, txanpon eta zigiluena da. Txanpon eta billeteei dagokienean, atal ugari atonduko dituzte: Guda Zibilean igorritako txanponen bilduma, Kanadako hegazkin-gidari ospetsuekin lotutako txanponen bilduma, XIX. mendeko eta XX. mendeko pezeten bilduma zabala, Austria eta Alemaniako euroenak, akatsak dituzten billeteenak edota munduko billeteenak, besteak beste.

Zigiluen erakusketak ere gai ugari jorratuko ditu, baina nagusiki naturarekin zerikusia duten zigiluak jarriko dituzte ikusgai aurtengo edizioan.

Ekintza osagarriak

Erakusketa hainbat ekitaldirekin osagarrituko dute Armuru Elkarteko kideek. Azaroaren 11n irekiera ekitaldia egingo dute 12:00etan, eta egun horretan "jakintza numismatikoa" lehiaketa ospatuko dute, "herriko txikienak numismatika eta filateliara erakartzeko helburuarekin". Azaroaren 15ean eta 16an, ordea, hitzaldi bana eskainiko dute; filateliari eta numismatikari buruzkoak, hurrenez hurren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide