Guatemalako eta Euskal Herriko ekoizpen eta kontsumo jasangarriko landa-ekimenak, Amurrio Antzokian ikusgai

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 24a, 19:06

Proiektatuko duten ikus-entzunezkoetako baten fotograma bat. / SETEM

Aiaraldeko hiru entitatek parte hartu dute topaketan proiektatuko diren ikus-entzunezkoetan.

‘Lurraren defentsan’ topaketa egingo da datorren ostiralean -urriak 27- Amurrio Antzokian, SETEM Hego Haizearen eta Medicusmundi Arabaren eskutik. 18:00etan izango da zita eta sarrera librea izango da toki guztiak bete arte. 

Euskal Herriko eta Guatemalako landa-ekimenak ezagutaraztea izango da topaketaren xedea. Hainbat motatako egitasmoak dira, baina guztiek dute bereizgarri bera: “lurraldearen eta ekoizpen eta kontsumo eredu arduratsu eta benetan jasangarrien defentsa komuna” egiten dutela.

Horretarako, bi ikus-entzunezko proiektatuko dituzte. Medicusmundi Arabak ekoiztutako Alternatiba bidezkoak eta iraunkorrak konektatuz dokumentala eskainiko dute lehenbizi. “Lan horrek agerian jarri nahi ditu Araban dauden kolektiboak, sareak eta ekimenak, Bidezko Merkataritzako eta kontsumo arduratsuko ekimenen alde egiten dutenak eta eredu sozial eta ekonomiko bidezkoagoak, jasangarriagoak eta solidarioagoak eraikitzen modu eraginkorrean laguntzen dutenak”, azaldu dute antolatzaileek, eta nabarmendu dute filman agertzen diren eragileetako bi direla Aiaraldekoak: Aiaraldea Ekintzen Faktoria edo Amurrioko Bidezko Merkataritzako Lagun Taldea.

Jarraian, SETEM erakundeak ekoiztutako bideo sorta bat jarriko dute, Landa eremuko emakumeak lurraren defentsan izenpean. Aurreratu dutenez, era ekologikoan ekoizten duten Arabako zein Guatemalako landa-eremuko emakumeak dira ikus-entzunezko horietako protagonistak, eta Ekoizpen Urduñako kideak agertzen dira, besteak beste.

Guatemalako gonbidatuak 

Protagonisten hitzartzeekin tartekatuko dituzte proiektzioak. Hermelinda Chicop Choxin AFEDES erakundeko emakume maia kaqchikela igoko da oholtzara, besteak beste; eta emakume indigenek bizi dituzten baldintzak izango ditu hizpide. Berarekin batera, ikus-entzunezkoetan agertzen diren beste protagonistetako batzuk ere hartuko dute hitza, eskualdekoak barne. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide