Larunbatean galdu arren, pozik dago Ibai Ruiz, Aiaraldeko zaleen babesagatik

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 26a, 07:00

Ibai Ruiz La Casillan.

Ibai Ruizek ikuskizun paregabea eman zuen larunbatean La Casillan Iberiako Iska Txapelketa lortzeko; eta, galdu bazuen ere, pozik dago emaitzarekin.

Hitzordu garrantzitsua izan zuen Ibai Ruizek larunbatean La Casilla kirolgunean. Iberiako Iska Txapelketa eskuratzeko Vasco Pinto portugaldarrarekin borrokatu zen K-1 diziplinan eta, galdu bazuen ere, gustura geratu da egindakoarekin.

"Egurra eman genion elkarri eta zaletasuna sortzeko moduko borroka egin genuen"

Ruizek adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari Vasco Pintok eta berak izandako norgehiagoka gaueko onena izan zela eta zaletasuna sortzeko modukoa izan zela: "Egurra ematera atera zen Vasco Pinto hasieratik eta egurra eman genion elkarri bost asaltoetan. Oso berdindua egon zen borroka, baina berak modu azkarrean jokatu zuen laugarren roundean. Talka egitera joan ordez, aurreko asaltoetan bezala, gehiago mugitu zen eta kontzentrazioa galdu nuen. Detaile txikiengatik galdu nuen, baina aitortu behar dut berak oso modu argian jokatu zuela".

Leher eginda, baina pozik Aiaraldeko zaleengatik

Garaipena berea izan ez bazen ere, Ruiz ez zen zapore guztiz mikatzarekin joan etxera. Oraindik "leher eginda" dagoela aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari, baina baita pozik ere. 

"Aiaraldeko zaleek giro ikusgarria sortu zuten ringera atera nintzenean eta oso eskertuta nago"

Zoriontasunaren arrazoia Aiaraldeko zaleen erantzuna izan zen: "Ringera atera nintzenean sekulako giroa sortu zuten eskualdeko zaleek eta hori bikaina izan zen, ikusgarria. Babes hori sentitu nuen orain arte izan dudan borrokarik gogorrenean eta bihotzez eskertu nahi dut. Ez horregatik bakarrik, borroken antolatzaileak ere pozik zeuden eta hori garrantzitsua da gehiagotan ni deitzeko. Hori ezinezkoa litzateke zaleen laguntzarik gabe. Hortaz, mila esker, benetan."

Hurrengo helburua, borrokaldia abenduaren 23an

Gauzak horrela, Ibai Ruizen hurrengo ekimena Aiaraldeko borrokalariekin erakustaldia antolatzea izango da abenduaren 23an eta jadanik hasi da dena prestatzen "kirol gutxitu honek ikusgarritasuna izan dezan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide