Mila mendizalek baino gehiagok egin zuten bat azaroaren 5ean Amurrion, Mendiko Lagunak Taldeak antolaturiko Gorobel Ibilaldiaren XXXVII. edizioan. Euriak eta haizeak markatutako aste baten ostean, eguraldiak nolabaiteko su-etena eskaini zien mendizaleei. Eguzkiak giroa epeldu bazuen ere, haize ufada bortitzei aurre egin behar izan zieten parte hartzaileek han-hemenka, bereziki Menerdigako atakan.
Guztira mila berrehun kirolarik eman zuten izena martxan; iaz baino berrehun gehiago. Juan de Urrutia plazatik abiatzen lehenak, ordea, 42 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten kirolariak izan ziren.
7:00etan ekin zioten bideari. Menerdigatik igo ziren Gorobelera eta Ungino, Eskutxi, Aro eta Urieta mendiak zeharkatu zituzten, besteak beste.
26 kilometroko ibilbide ertainak batu zituen mendizale gehien. Bi ibilbideek Goizale aterpean egin zuten topo. Bertan salda eta otordu beroa prestatu zuten dozenaka boluntariok. Martxak Tologorri menditik eta Paso maloko atakatik jarraitu zuen itzulerako bidea.
Eskualdeko mendizale gazteenek ere izan zuten Gorobel Ibilaldian parte hartzeko aukera. Goizeko 10:00etan, dozenaka familia abiatu ziren Babio mendiko gailurra konkistatzera.