Mirari Gotxi gazte amurrioarra Aiala Txirrindularitza Elkartera itzuli da denboraldi honetan eta modu bikainean lehiatzen ari da, sailkapeneko burua baita Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ziklokros Challengearen kadete kategorian.
Horretarako Tolosako III. Pablo Arsuaga Memorialean gailendu da, Elorrion eta Iruñan. Lasterketa horietan ez ezik, Karrantzan lehiatutako proban ere -Espainiako Koparako puntuagarria dena- bigarren izan zen asteburuan. Marinen, Galizian, hirugarren postua ere lortu zuen aiaraldearrak.
Liderraren maillota berea bada ere, Gotxik beste zortzi lasterketetan parte hartu beharko du txapelduna izateko. Hurrengo hitzordua Zornotzan izango da igandean. Geratzen diren lasterketen artean abenduaren 23an Ibaguenen lehiatuko dena ere badago.