Garaipen berriarekin itzuli zen atzo etxera Mirari Gotxi Aiara Txirrindularitza Elkarteko kidea. Amurrioarrak lortu du beste astebetez liderraren maillota izatea, baina sufritzea egokitu zitzaion.
Izan ere, Amorebietako Ziklokros Lasterketa zirkuituaren hiru itzulik osatzen dute eta azkenean arazo mekanikoa izan zuen Gotxik. Hain zuzen, bizikletaren katea atera zitzaion eta denbora dezente behar izan zuen matxura konpontzeko.
Hala eta guztiz ere, Gotxi buruan jarri zen eta lehenengoa zeharkatu zuen helmuga, bigarren sailkatuak 15 segundo beranduago amaitu baitzuen proba.
Aipatu beharra dago lokatzaz beteriko lasterketa izan zela atzokoa eta, hortaz, exijentea. Edonola ere, bere laugarren garaipena eskuratu zuen Gotxik eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ziklokros Challengearen kadete kategoriako lidergoa mantendu du.